Argiak eta ilunak, Maiatza Saltsan

Dagoeneko prest dago “Maiatza Saltsan” ekimenaren egitarau mardula. Musika eta alaitasuna, bizitzaren arlo gogorragoen islarekin tartekatuko dira aurtengoan, “Argi/ilunak” lelopean.

Ken Zazpi taldearen kontzertua izango da aurtengo Maiatza Saltsan ekimeneko plater nagusietako bat. “Maiatzaren 10ean izango da kontzertua, Intxaur pilotalekuan. Beraien diskaren izenburua Argiak da eta hori hartu dugu ardatz bezala aurtengo leloa aukeratzeko. Bi aldeak erakustea ondo legokeela iruditu zitzaigun. Horregatik Argi/ilunak leloa”, azaldu du Ainhoa Larrea Kultur teknikariak. Iluntasun hori islatzeko, El Salvadorreko komunitate baten egoera ezagutarazi nahi izan dute.


Izan ere, Zizurkil El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin anaieratuta dago. “Martxoaren bukaeran, Udaleko eta Pedro Maria Otaño eskolako ordezkaritza bat El Salvadorren izan da. Otaño eskola ere hango bi ikastetxerekin anaieratuta dago eta aurten 25 urte betetzen dituztela aprobetxatuz, bertara joan dira. Egonaldi horretan ateratako argazkiekin erakusketa  antolatu dute maiatzaren 19tik 30era”.

Aurrerantzean ere bai
Datozen urteetan Segundo Montes komunitatearen berri ematen jarraitzeko asmoa dauka Udalak, “Maiatza Saltsaneko azken astean anaieratzearekin zerikusia duten ekintzak antolatu nahi genituzke. Urte asko dira harreman hori badagoela, baina urte guztietan ez da intentsitate bera mantendu. 2006an Euskal Fondoaren bidez ur hornidura etxeetara eramateko proiektua martxan jarri zen, baina proiektu handi horiez gain, argi ikusten da beste behar asko dituztela. Proiektu txikiagoak aztertu eta horietakoren bat aurrera ateratzea da asmoa. Aurten, Mikel Markezen kontzertua antolatu da maiatzaren 30erako eta lortzen den dirua hara bideratuko da”. Gaiarekin lotuta, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak ere argazki erakusketa antolatu du “Krisi ahaztuak. Bizitza ezikusiak” izenburupean.

Ohiko ekitaldiak ere bai
Gainerakoan, ohiko ekitaldiak izango dira. Andatza egunak emango dio hasiera ekitaldi sortari. “Hamaiketakoa, herri kirolak, bazkaria eta erromeria izango dira. Eguraldiak laguntzen badu, Zizurkil Goiko eskola kirolako haurrak eta gurasoak bezperan igoko dira Andatzara, bertan gaua pasatzera”, dio Ainhoak.


Teodoro Hernandorena Ipuin lehiaketako liburuxkaren aurkezpena maiatzaren 5ean egingo da: “Maite Franco ipuin kontalariak saioa eskainiko du ondoren. Bereziki, Zizurkilgo irabazlearen ipuina kontatuko die haurrei”.


“San Isidro egunean ere ospakizunak egingo dira eta maiatzaren 16an, bertso eta musika ikuskizuna izango da Otaño ikastetxearen 25 urteurrena ospatzeko”. Haurrentzako zine emanaldia, bertso eskolako haurren saioa, harpa kontzertua, Loatzo musika eskolako dultzaina ikasleen kalejira..., hainbat ekitaldi izango da”.

Teodoro Hernandorena liburu aurkezpena
Maiatzaren 23an, gainera, Teodoro Hernandorenaren biografia biltzen duen liburua aurkeztuko da. Xabier Lasa andoaindarrak idatzi du “Begi Kolpea” liburua eta Atxulondo Kultur Etxean egingo da aurkezpena, 19:30etan hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!