Eneko Zabalarentzat arkupeko txapela

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 11:43

Eneko Zabala adunarrak lortu zuen garaipena Garikoitz Aburuzaren aurka.

Pasa den ostiralean, hilaren 18an, arkupeko pilota txapelketako finala jokatu zen, iluntzeko zazpiretan hasita. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidak jokatu ziren lehendabizi. Eneko Ugartemendia eta Igor Nabarte lehiatu ziren eta Ugartemendia villabonatarra gailendu zen. “Bi partida irabazi zituen Enekok eta horrenbestez, hirugarren postua bereganatu zuen. 22-17 eta 22-13ko emaitzak izan ziren”, dio antolatzaile lanetan aritu den Patxi Garmendiak.


Lehia bizia
Finaleko partidei ekin zioten ondoren. “Txapelketan zehar egin dugun bezala, finala ere hiru partidatara jokatu dugu. Garikoitz Aburuza eta Eneko Zabala iritsi ziren finalera eta Zabalak lortu zuen txapela etxeratzea bi eta hutseko markagailuaz. 22-15 eta 22-11 gailendu zen, nahiko erraz. Hirugarren eta laugarren posturako partidak bezala, finaleko partidak ere, ikusteko politak izan ziren”. Arkupeak ez du ikusle askorentzako tarterik uzten, “toki txikia da eta ez da erraza ikusle asko biltzea, baina giro ona sortu zen”.


Aurtengo txapelketa amaituta, datorrenari begira jarri dira antolatzaileak: “Gauza batzuk aldatuko ditugu, hobetze aldera, baina jarraipena emateko asmoa dugu. Gustura gaude eta datorren urtean ere, arkupekoa antolatzeko asmoa dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!