Igor Sarasua, erremonteari lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 11:40

Martxoaren 29an jokatu zuen Igor Sarasua asteasuarrak profesional mailako azken erremonte partida.

Bere ibilbide profesional berria, ordea, ez dago pilotatik urrun, izan ere, erremonte irakasle eta xexto egile lanetan arituko baita aurrerantzean. Galarreta pilotalekuan egin genuen hitzordua.

Martxoaren 29an jokatu zenuen profesional mailako azken partida, zein oroitzapen duzu?
Oso egun polita izan zen, oroitzapen polita utziko didana. Partida ez genuen irabazterik izan, baina azkenean hori izan zen gutxienekoa. Lizasorekin aritu nintzen Altuna II eta Etxaberen aurka. Nire bizitzako egunik politenetakoa izan zen, lehendabiziko partida jokatu nuen eguna baino politagoa. Lehen partida hartan ez nekien gauzak nola joango ziren eta nire kirol ibilbidea zein izango zen, azken egunean berriz, argi zegoen. Azken partida izango zela eta oso oroitzapen ona geratu zait. Familiakoak, lagunak eta beste hainbat jende gerturatu zen partida ikustera eta giro ona sortu zen.

Kontaiguzu nolakoa izan den zure ibilbidea erremonte jokalari bezala.
Umetan, esku pilotan aritzen nintzen. Futbola eta gainerako kirolak baino gustukoago nuen. Eguberri batzuetan gurasoek xextoa oparitu zidaten eta horrelaxe hasi nintzen. Aurrerago, Galarretara etorri eta, Etxaberekin ikasi nuen erremontean. Lau urtez afizionatuetan aritu ondoren, 1995ko maiatzaren 27an jokatu nuen profesional mailako lehen partida. Banaka, bigarren mailako txapeldun izan nintzen eta binaka, bigarren mailako beste torneo bat ere irabazi nuen.

Aurrerantzean, zure ibilbideak erremonteari lotuta jarraituko al du?
Bai, lehen ere gazteei erakusten aritzen nintzen eta lan horretan jarraituko dut. Horrez gain, xextoak egiten ari naiz. Gustura nabil lan honetan. Enpresak eskaintza egin zidan eta oso gustura onartu nuen. Erremonteari lotuta jarraitzeko bidea eman dit. Astebukaerak libre edukitzen ditut, baina gainerantzean, egunero etortzen naiz Galarretara. Erremontea guztiz uztea tokatu izan balitzait askoz ere gogorragoa izango litzateke, baina jende berdinarekin harremana izateko aukera dut eta horrek poza ematen du. Beharbada, jokalari izatetik faltan gehien botako dudana partiden aurretik aldageletan sortzen den giroa izango da. Azken finean familia bat osatzen dugu eta hori aldagelan nabaritu egiten da.

Xextero lanetan ari zara, nolako lana da?
Orokorrean eredu berdina jarraituz egiten dira xexto guztiak, atzelarientzat luzexeagoa eta aurrelarientzat motzagoa. Gaztainondo egurra, karbono fibra, larrua eta plastikoa erabiltzen da. Eskuz egiten direnez, ez dira guztiz berdinak ateratzen, baina oinarria bera da. Duela bi hilabete hasi nintzen lan honetan eta oraindik ere ikasten ari naiz, gauza asko geratzen zait oraindik ikasteko, baina ari naiz pixkanaka. Xextoak egiten ditut, baina konponketak egiten oraindik ez naiz hasi.


Nola ikusten duzu erremontearen etorkizuna?
Ez da gazte asko animatzen. Erremontean aritzeko Galarretara etorri beharra dago, eta horrek atzeratu egiten du jendea. Autobusean etorri, entrenatu eta berriz itzultzeko, denbora behar da eta gaur egun zaila da denbora ateratzea. Zaletasun handia duena etortzen da, baina gainerakoan, zaila da. Hamalau urtetik gorakoekin aritzen naiz. Erremontean hasteko garai egokia hamasei urte inguruan dagoela esango nuke; aurrera begira, erremontean aritu nahi baduzu, gutxienez. Probatuz gero, jende askori gustatuko litzaiokeela uste dut. Ez da kirol gogorra, hasieran ordu batzuk eskatzen ditu, ondo ikasteko, baina hori kirol guztietan gertatzen den zerbait da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!