Loatzoko XVI. Krosa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 22a, 20:06

Datorren igandean, apirilaren 27an, Loatzoko XVI. Krosa izango da. Amasako Loatzo mendiaren igoera urtero garai honetan antolatzen dute Amasako gazteek eta Uxo Toki elkarteko kideek.

Goizeko 10:30etan emango zaio probari hasiera eta doaneko izen ematea Uxo Toki elkartean bertan egin behar da. Antolatzaileek adierazi dutenez, “70 korrikalari inguruk hartzen du parte. Orain arteko errekorra Garin korrikalari zizurkildarrak dauka”. 6 km-ko igoera da eta nahiko aldapa gogorra dauka, nahiz eta arriskurik gabekoa izan. 541 metroko desnibela du. Lasterketa amaitu ondoren, parte hartzaileek Amasako pilotalekuan dutxatzeko aukera izaten dute. Sariak ere banatzen dira: 120 euro eta txapela lehen neska eta mutilarentzat. 80 euro bigarrenentzat eta 60 euro hirugarrenentzat. “Sariak banatu ondoren dortsala entregatu duten guztiek zozketa eder batean parte hartzen dute: arkumea, bi lagunentzat afaria, konejuak, oilaskoak, txuletak, kirol materiala, gazta...”. Loatzoko tontorrera igotzen denak ere goiz polita pasatzeko aukera izango du, “esan beharrik ez dago egun horretan Loatzo gainean giro aparta egoten dela, inguratzen den ororentzat hamaiketakoa banatzen delarik”.

Antolatzaile eta babesleak
Probaren antolatzaileak Uxo Toki elkartea eta Amasako Gazteak dira. Babesleen artean, zerrenda luzea da: Amasa-Villabonako Udala, Amasa eta Kixubi okindegiak, Eizmendi armategi eta kirol-denda, Indarbi, Arantzabi jatetxea, Alustiza jatetxe eta nekazal etxea, Sagasti Berri erretegia, Ayestaran etxea, Benito Aldalur harategia, Iturrigoxo jatetxea, Zizurkil elektrizitatea, Agustin Yarza igeltseritza, Juan Bautista harategia, Kazetaria, Oria grafikak, Egoki tailerra, Maritxalar iturgintza eta Errezil pentsuak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!