Moda desfile arrakastatsua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 22a, 19:14

Oria merkatal elkarteak joan zen apirilaren 19an antolatutako moda desfileak oso arrera ona izan zuen. Gurea txiki geratu zen eta hainbat herritar lekurik gabe geratu zen, antzokitik kanpo.

Mari Jose Irazusta, Xarmant ile-apaindegi eta edergintza zentroko arduraduna, Oria merkatal elkarteko lehendakari-ordea da. Gustura agertu da joan zen larunbateko arrakastaren aurrean, “oso gustura geratu gara herritarren erantzunarekin. Penatuta ere bai, herritar asko kanpoan geratu zelako. Jende asko etorriko zela pentsatzen genuen baina, ez genuen horrelako arrakastarik espero. Gu zinema betetzearekin konformatzen ginen”. Jendea lekurik gabe gelditzeko beldurrez, goiz gerturatu zen Gureara. “Arratsaldeko 18:30etarako elizarainoko ilara zegoela esan ziguten. Jendea kanpotik ere etorri zen”. Biharamunean batek baino gehiagok zoriondu zituztela aipatu du Mari Josek, “jende asko etorri zait ile-apaindegira zoriontzera. Eskertu egiten da hori. Beste desfile bat antolatzeko ere eskatu didate. Horrelako ekimena antolatzeak lan handia ematen du eta momentuz, lasai hartuko dugu. Denborak esango du etorkizunean besterik etorriko ote den”. Mari Josek desfilean parte hartu zuten guztiak oso eskuzabal agertu zirela azaldu du “inork ez zuen protestarik egin”.

Eskerrak parte hartzaileei
Oria merkatal elkarteko lehendakariordeak eskerrak eman nahi dizkie ekimena arrakastatsua izatea posible egin zuten kide guztiei, “modeloei, Anjel Alkain eta Mikel Pagadizabal aurkezleei eta Lain musika taldeko kideei. Denek musutruk hartu zuten parte. Kanpoan geratu zirenei, berriz, barkamena eskatu behar diegu. Gu ere gusturago geratuko ginatekeen denek sartzeko aukera izan balute baina, ez zen posible izan”. Buruan badituzte abian jartzeko ideia berri gehiago baina momentuz, Eusko Jaurlaritzak merkatariei zuzendutako ikastaroetan parte hartuko dute, herrian bertan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!