Zabor bilketa, eztabaidagai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 22a, 18:57

Urte hasieran, Katalunia eta Mallorkako hondakinen kudeaketa bertatik beratara ezagutu zuen Villabonako Udaleko hainbat kidek.
 

San Markos eta Debagoiena Mankomunitateetako ordezkariek, Gipuzkoako hainbat udaletxetako politikari nahiz langileek eta erraustegien aurkako plataformako hainbat kidek hartu zuen parte bisitaldian. Amasa-Villabonatik, besteren artean, Lander Etxeberria Udal ordezkaria, Iker Arrastoa Udal langilea eta Edurne Zudaire Ingurumen departamenduko teknikaria gerturatu ziren atez ateko zabor bilketa eta ondorengo tratamendua gertutik gertura ezagutzera. Aurrez, Onddolar plataformako kideek Udalean aurkeztu zuten atez ateko bilketaren berri eta orduan jakin zuten zaborra biltzeko eta kudeatzeko beste modu alternatibo bat egon zitekeela. Baikor itzuli ziren ikusitakoarekin. Katalunian eta Mallorkan oso emaitza onak ematen ari da atez ateko zabor bilketa: “esfortzu handirik egin gabe, %82a berrerabiltzea lortu dute hainbat lekutan. Gipuzkoan %20 inguru soilik birziklatzen da”.

Atez ateko bilketa
Asko eta askorentzat gai berria izango da atez ateko zabor bilketarena. Oinarrian, “sortzen ditugun hondakinen artean, birzikla daitezkeen gaien banaketa hobea eta handiagoa lortzeko aukera ematen duen gaikako bilketa sistema da”. Horretarako, udaletxeak asteko egutegia ezartzen du, ordutegia nahiz egun bakoitzean zein gai jasoko den zehaztuz, “materia organikoa, ontziak, papera/kartoia, beira edo birziklagarriak ez diren materialak”. Herritarrek egunari dagokion hondakin gaia atarian utzi eta langileek jasotzen dute. “Zaborren bilketa erraztu egiten du sistema horrek. Erosoagoa da”. Kontzientziazioa nahitaezkoa da, ordea, egitasmoak aurrera egiteko. Landerren ustez, “herritarren gehiengoak prest egon beharko luke, haiek hartu beharko lukete aurrera egiteko erabakia”. Ekimena ez litzateke Udaletik soilik bultzatuko. “Onddolar plataforma lan txukuna egiten ari da gaiaren inguruan. Merkatariak ere zabor poltsa berrerabilgarria banatzeko asmotan dabiltza. Kontzientzia sortzen joatea garrantzitsua da. Ea noraino irits gaitezkeen”.

Edukiontzien sistemaz
Edukiontzien sistemak ondo funtzionatzen ez duela uste du Edurne teknikariak, “Tolosaldeko Mankomunitatetik bultzatu dituzten edukiontziekin atzera pausoa egin dugula uste dut. Iruditzen zait oraindik ez dagoela batere garbi zer bota behar den bakoitzera. Zaborra nahastuta botatzen da eta askoz ere hobeto egin daitekeela uste dut. Ez ditugu bideak ondo erabiltzen”. Edurneren ustez atez ateko bilketa ez litzateke beharrezkoa izango herritar guztiek edukiontzietara zaborra ondo sailkatuta botako balute. “Materia organikoa biltzeko beste edukiontzi bat beharko litzateke; gainerakoan, edukiontzi arruntera botatzen da organikoa eta pena da hori; %30 inguru materia organikoa baita. Banaketa ondo egiten ez denez, atez ateko bilketarekin badirudi herritarrak zaborra gaika eta ondo biltzera behartuta sentitzen direla”. Landerrek atez ateko bilketa irtenbidea izan daitekeela dio, “zaborraren banaketa ondo egingo bagenu eta guztiok ondo birziklatzearen aldeko kontzientzia izango bagenu, edukiontzien sistemarekin jarraitzea zentzuzkoagoa litzateke, besteak beste, merkeagoa delako. Eta irits gintezke birziklagarria den %90 horretara.

Baina ikerketek diotenez, borondate onenarekin banaketa egiten duten herrietan ere ez dira %35etik pasatzen edukiontzi sistemaren bidez. Aukera berriak emaitzak bikoiztea ekartzen badu, horrek berak aurreko sistema aldatzea eskatzen duela uste dut”. Ikerrek Katalunia eta Mallorkako errealitatea hemengoaren ezberdina dela adierazi du. “Haiek herri horizontalak dira. Villabona bertikala. Hango etxebizitzak baxuagoak dira, bi solairukoak gehienak. Villabonan, sei eta zortzi solairuko etxebizitza asko dago, gutxienez bi eskukoak. Ondo aztertu beharko litzateke bilketa sistema”. Atez ateko bilketa etorri zain egon gabe, jendeak hondakinak ondo bereizten ikas dezan, kanpaina bereziak egitea beharrezkoa dela gaineratu du, “jendeak zaborra sailkatzearen gaia ahaztuta dauka eta gogorarazi egin behar da”. Bestalde, atez ateko bilketak edukiontziak kaleetatik kentzea ekarriko lukeela aipatu du, “ondorioz berrogei aparkaleku gehiago egongo lirateke”.

 

Atez ateko bilketa
Usurbilen udazkenerako atez ateko bilketa abian jartzeko asmotan dira. Etxeberriaren hitzetan, “guri oso ondo etorri zaigu Usurbil aurretik izatea. Emaitzen zain gaude. Onddolar plataformak atez ateko bilketarekin erabateko konpromisoa hartzeko eskatzen duen mozioa sartu du udaletxean. Gaia landutakoan, Udala bilketa hori gauzatu ahal izateko azterketa guztiak egitera konprometituko dela uste dut. Azterketa horiek egin gabe gure aldetik oso ausarta litzateke baiezkoa ematea. Ikusi egin behar da ekonomikoki nola egingo genukeen aurrera edo nola geratuko liratekeen mankomunitatearekin harremanak. Baina horrantz joatea da helburua, emaitzak eztabaidaezinak direlako”.
Asmo berria aurrera atera ezkero, luze joko luke prozesuak. Hala ere, hauek lirateke eman beharreko lehen pausoak:


1.-    Atariak txukun geratzeko zer nolako euskarriak jarri beharko liratekeen aztertu.
2.-    Azterketa ekonomikoa egin. Diru laguntzarik jaso ote daitekeen edo ez aztertu.
3.-    Langileak Udalak bere gain hartu edo enpresa baten esku utziko den erabaki.
4.-    Mankomunitatearekin harremana zertan geratzen den ikusi.
5.-    Kontzientziazio prozesu luze bezain garrantzitsuarekin hasi.
6.-    Zaborrak nora eramango diren lotu.

 

Herritarrei mezuak

Edurne Zudaire:
“Zaila da kontzientziarik ez daukana kontzientziatzea. Oso egokia litzateke Udalak kanpainaren bat martxan jartzea, kontzientziatuta dagoenak hobeto egin dezan. Bakoitzak bere etxean egiten duenaren arabera lortzen dira emaitzak, etxe bakoitzetik hasi behar da ohitura onak hartzen”.

Iker Arrastoa:
“Bisitak antolatu beharko lirateke Sasietako Mankomunitatera, jendeak zabortegia gertutik ikus dezan. Hori da kanpainarik onena, alferrik zenbat zabor sortzen dugun ikustea. Bestalde, erosketak egiterakoan, material birziklagarriak erosi eta etxera etorritakoan, ondo sailkatuta bota beharko genituzke edukiontzietara”.

Lander Etxeberria:
“Kontzientziatuta ez daudenei, etxe barruko ohiturak birziklatzearen alde jartzeko esango nieke. Kontzientzia garbiago dutenei, modu onean eta arrazoituz, Udala presionatzeko eskatuko nieke. Udalak presioa sentitu behar du egitasmoak aurrera atera ahal izateko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!