Beterriko Liburua literatur aipamena Andoainen izango da aurten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 22a, 18:47

Datorren maiatzaren 10ean, Beterriko Liburua 2007 literatur aipamenaren sari-emate ekitaldia izango da Andoaingo Bastero Kulturgunean, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Aurtengoa XII. edizioa izango da. Larramendi Bazkunak abian jarri zuenetik, ezaugarri berari sendo eutsi dio literatur aipamenak: Euskal Herri mailan, liburu saritua irakurleek aukeratzen duten sariketa bakarra izatea. Ez da urtebeteko epean idatzitako libururik onena saritzen, aitzitik, irakurleek denbora tarte horretan gogokoen izan dutena.


Urtean zehar hainbat libururen iritziak bidali eta aipamenaren garaian libururen baten aldeko proposamena egiteko sortu zen 2000 urtean epaimahai orokorra. Hirurogei lagunen bueltan ibili zen urtetan eta aurten, ekimena indartzeko asmoz, 111 akademia jarri da martxan. Ehun eta hamaika iritzi eta proposamen emaile izatera iritsi nahi da eta irakurleen aldetik, erantzun bikaina jasotzen ari da saiakera berria. Dagoeneko 90etik gora dira akademikideak.

Maiatzaren 10ean, Basteron
2007an idatzitako liburu guztien artean, bost pasa ziren bigarren bozketa txandara eta horietatik bi ibili dira aipamena eskuratzeko azken lehian. Ipuin liburuak eta eleberriak izan dira bozketa horretan lehiatu diren generoak. Zein liburu atera den garaile? Ez, ez…, hemen ezin da ezer ere aurreratu. Aukerarik onena, maiatzaren 10ean zuzen-zuzenean Bastero Kulturgunean jakitea. Esan bezala, eguerdiko 12:00etan. Hantxe izango da, beste hainbat gonbidaturen artean, liburu saritua idatzi duen idazlea ere, eta, haren hizketalditxoa entzuteko aukera guztion eskura dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!