Ibilaldi neurtua, Euskaldunarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 22a, 18:45

Iraupen luzeko mendi ibilaldia antolatu du Euskalduna Mendigoizale taldeak igande honetarako. Taldeko batzordekide Fernando Garciak gogoeta egin du izugarri gehitzen ari diren ibilaldi horien inguruan.

Zein dira igandeko ibilaldiaren inguruko xehetasunak?
Arribe (Nafarroa) herritik irteten da, eta 41 kilometroko luzera eta 2.100 metroko desnibela du denera; 10 orduko epea ematen da amaitzeko. Lau kontrol jarriko dira bidean, izena eman eta jan-edanak egiteko: Gorritin, Orexan, San Antongo baselizan (Berastegi) eta Onddoko bordan.

Eta partaidetzari dagokionez?
Aralarko 14 orduko ibilaldia tokatzen den urteetan badakigu gehitu egin ohi dela gurea bezalako ibilaldien partaidetza. Hala ere, ez dut uste iritsiko garenik inoiz izan dugun kopururik handienera, 170era alegia. Izan ere, bezperan Irurtzungo ibilaldia da; Euskal Herriko lehiaketan parte hartzeko puntuagarri den bakarra da Nafarroan, eta mendizale asko hara joango da ziurrenik. Gogoratu, dena den, ostirala bitarte eman daitekeela izena gurean.

Izugarri ari dira hazten ibilaldi neurtuak, kopuruz zein partaidetzaz.
Egia da, eta hori mendizaleen eskaera berriei erantzuten jakin delako dela uste dut. Ibilaldi neurtuaren kontzeptua aldatu egin da. Lehen, kontroletara antolatzaileek jarritako denboraren aurretik iristen bazinen adibidez, gerarazi egiten zintuzten. Halako mugak jartzea nahiko absurdoa da gaurko ikuspegitik. Egun, nahi duenak nahi duen erritmoan egin dezake martxa. Horrela, badira mendi martxa filosofi kontenplatiboa eta mendizaletasun hutsez egiten dutenak, eta badira lasterka egiten dutenak, desafio fisiko eta lehiakor gisa hartzen dutenak.

Baina korrikalari horien berezko tokia ez al dira mendi lasterketak?
Filosofi zaharra ahaztu eta berri bat, anitzagoa eta denak kabitzeko moduko bat bereganatu behar izan da. Gutxi batzuk dira lasterka egiten dutenak dena esatera, baina asko lehia gisa hartzen dutenak; horietako batzuek beren burua gailendu nahi dute, beste batzuek, berriz, aldamenekoa… Lehia giro horretan, gero eta gehiago dira ibilaldi gogorragoak eta luzeagoak eskatzen dituztenak. Jende multzo hori asetzen ahalegindu behar da, mendiaren plazerraren inguruko filosofi zaharrari uko egin gabe.

Ibilaldi horiek ez al dira mendizale klasikoa baztertzen ari?
Fisikoki prestatuta ez dagoena, bai. Baina begira: iaz arte ibilaldi motza ere antolatu izan genuen luzearen ondoan, eta orduan apenas animatzen zen inor. Ibilaldi luze hau bakarra da urtean, eta pertsona horiek hamabostean behin badaukate irteera polita Euskalduna-rekin, nahi izanez gero.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!