Harrijasotze saio ikusgarria apirilaren 27an

Iaz bete ziren hogeita bost urte Iñaki Gorostidi adunarrak harrijasotze marka bikaina egin zuela.

Esku bakarraz, 185 kiloko harria eta bi eskuz 208koa berdindu zituen Beotibar pilotalekuan. 208 kiloko harri hura plazaratuko dute apirilaren 27an. Irigoien eta Ostolaza harrijasotzaileak animatuko dira 208 kiloko harritzarra berdintzera. Bost minutuko saioan, ahalik eta jasoaldi gehien eman beharko dizkiote. “Garai bateko harria da eta horrek zailtasun handia eransten dio. Gaur egungo harriek zulo bat izaten dute eta errazagoa da gerrira ekartzea, lehengoek helduleku txikiak besterik ez zituzten”, azaldu du Iñaki Gorostidik.

Lehengo harriak
“Garai batean nolako harriak altxatzen ziren ikusteko aukera izango da apirilaren 27an. Gaur egun erabiltzen diren harriekin 329 kilo jaso dira, baina lehengo harriekin 250 kilotan dago muga. Alde handia dago”, dio Iñakik.


Iazko saioak zaletu ugari erakarri zuen Adunara: “Pilotalekua jendez gainezka egon zen eta prentsan ere oihartzun handia izan zuen. Zeresana ere eman zuen, nik esku bakarrarekin jasotakoa haiek bi eskurekin jaso zutelako, horregatik, aurten 208 kilokoa bi eskuz altxatzeko erronka egitea pentsatu genuen”.


77 kilo pisatzen zituen Iñakik bi harritzarrak berdindu zituen egunean. “Hori gogoratuz, 500 euroko saria prestatu dugu harriari altxaldia emango liokeen 100 kilotik beherako harrijasotzailearentzat, baina ez da inor animatu”. Gainerako harrijasotzaileentzat ere sari potoloak izango dira; 600 euro irabazlearentzat eta 500 euro bigarrenarentzat.


Apirilaren 27an, 18:00etan hasiko da harrijasotze saio ikusgarria. “Gainera, Mendizabal aizkolari beteranoak, kanako enborra zutika moztuko du eta bere marka hobetzen saiatuko da. Adunako pilotalekuan egingo da saioa eta sarrera librea izango da. Norbaitek borondatea eman nahi badu, horretarako aukera ere izango da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!