Tresna zaharrei hautsa kenduz

Otsailean hasi eta ekainera bitarte, etxeko tresna zaharrak zaharberritzeko biltzen da hainbat lagun Larraulgo Antton Amunarriz Kultur Etxean.

Nieves Maidagan egurrezko altzarien konpontzaile eibartarra da irakaslea, urte asko darama langintza horretan. “Deban bizi naiz eta Deba behean, altzariak zaharberritzeko ikastaroak aspaldidanik ematen ditut”. Deba bailaran ez ezik, aurten baita Larraulen ere, “ikastaroko lehen proposamena gai teorikoak azaltzea izan bazen ere, egokiagoa iruditu zitzaidan parte hartzaileek etxetik zer edo zer ekarri eta hura lantzea. Modu horretan gehiago motibatzen da jendea. Teoria azkar ahazten da; eskuz egindakoa, ordea, gogoan gordetzen da. Gainera, egurra ezagutzeko modurik onena eskuartean lantzea izaten da”.

Ikasle gehienak zaharberritzen ikasten ari dira baina ez guztiak, haietako bat birziklatzen ari da. “Zaharberritzea, altzaria zegoen bezala mantentzea da. Birziklatzea, berriz, beste itxura bat ematea”. Ikastaroan egurra lantzen dute bereziki, baina batzuetan, baita burdina ere. Tresnen artean denetik zaharberritzen dute: kutxak, lanparak, armairuak, uztarriak, ordulariak, aulkiak, mahaiak…Nieves irakasleak ikastaroan giro ona eta lasaia sortu dela azaldu du, “denek nota onarekin bukatuko dute. Diploma handiarekin”. Trabaren bat aipatzekotan, lekua aipatu du, “oso berria da Kultur Etxea, dena garbi-garbi dago. Gure lanean, ordea, derrigorrezkoa da zikintzea. Lurrean paperak jartzen ditugu gela txukun mantentzeko”. Ikasturtea amaitu aurretik, egin dituzten lanak erakusgai jarriko dituzte Kultur Etxean, “jendeak zertan aritu garen eta tresna zaharrak landu eta gero nola geratzen diren ikus dezan”.


Ikasleak gustura
Asteazken arratsaldetan, bederatzi ikasle biltzen da ikastarora. Larrauldarrak dira gehienak baina, Alkizatik edo Zizurkildik ere etortzen dira. Antselmo Larrarte larrauldarra da horietako bat, “Material aldetik bereziki, asko ikasten ari naiz; lehen berniza edo tinta erabiltzen nuen. Gai horiez gain aukera gehiago badagoela ikasi dut orain”. Andres Aristi Larraulen bizi den andoaindarra, lehenengo aldiz ari da gisa honetako lanetan, “gaztainaren egurrarekin egindako ordularia berritzen ari naiz. Gustura etortzen naiz; lana polita da eta jendea atsegina”. Alkizatik bi lagun etortzen dira, Maria Jesus Zubeldia, horietako bat. “Kuriositateagatik eman nuen izena ikastaroan. Mahaitxo bat kolorez aldatzen ari naiz, oinarrizko pausoak ikasten”. Bigarren alkizarra Joserra Hernandez da, “oso gogoko dut egurra zaharberritzea. Lehen nire kabuz egiten nituen lantxoak eta ikastaroan, pauso berriak ikasten ari naiz”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!