Kontsisione, agur

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 22a, 18:41

Joan zen apirilaren 15ean Kontsesione Florentza Gogortza hil zen, 93 urte zituela.

1915 urtean jaio zen Villabonako Kale Nagusian. Hiru anai-arreben artean erdikoa zen. Salvadora papertegiko joan-etorriak ondo baino hobeto ezagutu zituen. Anjel Florentza aita, papertegiko txoferra zen eta lantegiko nagusiak batetik bestera eramaten zituen garaiko auto beltz dotorean. Juana Gogortza amak ere Salvadoran bertan egin zuen lan urtetan. Bide bera jarraitu zuten geroago Kontsisionek nahiz Elena ahizpak. Antonino anaia, berriz, pilotari profesional izatera iritsi zen.


Emakume dotore eta fina zen Kontsisione, urtetan aurrera eginagatik, buruz gazte eta alai mantentzen zen; irribarrea lagun izaten zuen ezpainetan. Bizitzeko gogoa nabari zitzaion. Enkargutan, bueltaxka egitera aterata nahiz lagunekin pasieran, sarritan topa zitekeen kalean. Hitz goxoak izaten zituen topaldi bakoitzean eta ez zuen berehalakoan ezagunik agurtu gabe utziko.


Duela denbora gutxi erorikoa izan zuen eta berriro indartzen hasita zegoenean, bat-batean joan zen. Berak zioenez, “ondo zebilen, goikoak nahi zuen arte”.

Amasa-Villabonako erretratu zaharren liburua egiterakoan laguntza handia eskaini zuen, argazki asko eta asko eskuzabaltasun osoz utziz eta garai hartako gertaerak atzoko kontuak balira bezalaxe azalduz, tonu goxoan eta oso gogo onez. Daturen batez gogoratzen ez bazen, bere buruarekin haserretu egiten zen, “hau burua, hau burua” esanez.

Zalantzarik gabe, egitasmoa aurrera ateratzeko ardatzetako bat izan zen bere parte hartzea. Kontu askoren artean, on Leandro eta on Juan apaizekin batera, katekesiko gaztetxoek egiten zituzten irteerez mintzatu zen. Esaterako, 1924 urtean Arantzazura joan ziren: “autobusez Arantzazura joan, meza entzun eta etxetik eramandako bazkaria jan ondoren, buelta etxera berriro! Egun-pasa baino goiz-pasa egin genuen. Gustura joaten ginen gisa horretako irteeretara, bai horixe! Katekesiko ume guztiak, herriko ume guztiak”. Besteak beste, Ernioko zaletasuna ere hizpide izan zuen eta Erniora goizean goiz  ilunpetan abiatzen zirela azaldu zuen: “Pasusetik ez ginen pasatzen jendea ikusi arte. Oso iluna egoten zen bidea eta jendea abiatzen zen arte errespetua ematen zigun”.

Gurekin izandako jarrera atsegin eta irribarre goxoagatik, beste behin eskerrik asko, gure aldetik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!