Udal aurrekontuak

Zizurkilgo Udalak bost milioi inguruko aurrekontua onartu du 2008 urterako. Horietatik bi miloi euro pasatxo bideratuko dira inbertsioetara.

Inbertsioetara bideratutako zenbatekoa iaz lorturikoa baino baxuagoa da, "atal horretara azkeneko legealdietako portzentajerik handiena bideratu baitzen orduan. Oraingo honetan, ordea, Gizarte Zerbitzuen arloak aurreko aurrekontuan xedaturiko kopuruarekiko izango duen ia % 40ko igoera da nabarmentzeko datua", Udaleko kideek azaldu dutenez.

Gobernu taldeak inbertsioetan ahalegin hori egitea ezinbestekoa dela uste du, "Zizurkilek herri aurreratu, moderno eta bizi-kalitatea duena bihurtzeko jauzi kualitatiboa ematea behar du. Urte askotan inbertsioak arazo zehatzak eta puntualak konpontzera bideratu ostean, aurtengo aurrekontuak ekipamendu eta zerbitzu berriak sortzeko apustua egin du, zizurkildarren ongizatea areagotzeko helburuarekin betiere".

Gizarte Zerbitzuen arlora diru-kopuru altuagoa bideratuko da aurten. "Iaz arlo honi xedaturiko 100.000 euro baino zertxobait gehiago baldin baziren, aurtengo 150.000 euro inguruko kopuruak herriko bizilagunei normalean eskaintzen zaizkien laguntzak sendotzeko balioko dute, baita ekimen berriak bultzatzeko ere, kaleko hezitzaileak esaterako".

Bulego berria
Orain arte, Kultura sailetik arreta-zerbitzua eskaintzen zen herriko gaztetxo eta gazteentzat. Aurten, ordea, zerbitzu hori sendotu, eta arlo horrek duen garrantziaren araberako azpiegitura sortu nahi du Udalak. "Hala, bulego bat irekiko da non kaleko hezitzaileek euren egoitza izango duten, eta kolektibo horren beharrak artatuko dituzten".

Ugare (Ubare) auzoaren biziberritze lanen amaiera da aurrekontuan jasotzen den beste jardueretako bat. "Argi dago horiek amaitutakoan auzoak ekipamendu berriez eta bizi-kalitate hobeaz gozatzeko aukera izango duela. Iartzara eta Abeletxerako bideak hobetzeko lanak era aurten egingo dira, Iartzara doan bidearen asfaltatzea gauzatu, eta herrigunearen eta Abeletxeren arteko trazatuan antzemandako akats guztiak konponduko dira. Kasu honetan gainera, asfaltatzeaz gain, areka eta harri-lubetak egingo dira".

Udalaren beste nahietako bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustaturiko bidegorri sarea hobetzea da, izan ere, sarea osatzeko bide desberdinen artean komunikatzeko tarteak eraikitzea aurreikusi du. Diru-kontu horiek osoko bilkuran onartu ziren EAJ/PNV, EA, eta Ezker Batuaren aldeko zortzi botorekin, eta PP alderdiko bi zinegotziren eta PSE alderdiko baten abstentzioarekin, beste zinegotzia bilerara azaldu ez zelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!