Julen Zelaraini elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 18a, 12:10

Villabonako Amnistiaren Aldeko Batzordeak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo iluntzean Berdura Plazan 33/01, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako auziaren aurrean. Bertan izan zen Julen Zelarain auzipetu villabonatarra ere.

Ondorengo idatzia irakurri zuten Amnistiaren Aldeko Batzordeko kideek:

"Dispertsioa salatzea ez da delitua. Preso politikoen kolektiboaren kontra hamarkadatan ezarri den eta ezartzen den dispertsio eta muturreko neurriek osatzen duten salbuespen egoera da delitua.

Tortura salatzea ez da delitua. Torturatzea eta tortura ahalbidetzen duen tresneria hori guztia da delitua; salbuespeneko tribunalak, inkomunikazio legea eta funtsean torturatzeko eraikia den inpunitate esparrua bera da delitua.

Errepresioa salatzea eta pertsonen eskubideak babestea ez da delitua. Estatuen biolentzia eta eskubide urraketa dira delituak.

Elkartasuna ez da delitua. Presoak eta Euskal Herrian errepresioa jasaten duten milaka emakume eta gizon babes eta elkartasunik gabe uzteko mugimenduen kontrako kriminalizazio eta erasoak dira delitua.

Auzipetu dutena eta epaitu nahi dutena estatuen biolentzia eta errepresioaren salaketa eta euskal preso nahiz errepresaliatu guztiekiko elkartasuna da. Frantziako eta Espainiako estatuak euskal gizartearen eta munduaren aurrean biluzten dituen eta beren izaera ez demokratikoa begi-bistako egiten duen testigu nagusia erditik kendu nahi dutelako. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esparru bat eskaini dio eta eskaintzen dio herri honi, errepresioa salatu eta elkartasuna antolatzeko. Espazio bat, zeinetan gu geu ere, milaka herritar eta sektore legez partaide garen.

Madrilgo Auzitegi Nazionalean Amnistiaren Aldeko Mugimendua epaitu nahi den honetan, gu geu ere epaituak sentitzen gara. Elkartasunerako eta errepresioaren salaketarako hamaika ekimenen partaide izan garelako eta aurrerantzean ere partaide izaten jarraitu nahi dugulako".

Deialdiak
Villabonako Amnistiaren Aldeko Batzordeak ondorengo ekimenetan parte hartzeko deialdia luzatu zieten herritarrei:


-Apirilak 21, astelehena: Epaiketa hasi.
-Apirilak 25, ostirala: Mobilizazio eguna Euskal Herrian.
-Maiatzak 6, asteartea: Kultur mailako eragileen prentsaurrekoa.
-Maiatzak 8, osteguna: eskualde mailako manifestazioa Tolosan.
-Maiatzak 10, larunbata: Uzturrera mendi martxa. Ekitaldia bertan.
-Maiatzak 17, larunbata: Manifestazio nazionala Bilbon.

Julen Zelarainen hitzak
Bi kontu aipatu nahi izan zituen Julen Zelarain auzipetu villabonatarrak prentsaurrekoaren amaieran.
Lehenik eta behin, PNV eta Ibarretxeren gobernua salatu zituen, “estrategia errepresibo honen antolatzailea egun PSOE bada ere, PNVk eman dio eraginkortasuna. Ez balituzte udaletxeetan ez dagozkien karguak lapurtuko, mobilizazioak debekatuko, euskal herritarrak atxilotuko edo Euskal Herriko dinamika ezberdinen inguruko informeak Audientzia Nazionalera bidaliko, estrategia errepresibo honek ez luke ibilbiderik eta etorkizunik izango. Ez du balio aho txikiarekin kontra azaldu eta hurrengo egunean aldeko jarrera agertzea”.
Bigarren, errepresioa indargabetzeko deia luzatu zuen, “Amnistiaren Aldeko Mugimenduari eta guri elkartasuna adierazteko modurik eraginkorrena, errepresio hau indargabetzea izango da. Indargabetu daiteke, beste hainbat indargabetu diren bezala. Horren zutabe nagusia oso garbia da: Helburua Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren dinamikak euskal gizartetik kriminalizazioaren bitartez desagerraraztea bada, indargabetuko duena, dinamika horien areagotzea izango da. Ikusi araztea berriz ere horrelako planteamendu errepresiboek ez dutela inongo etorkizunik eta antzuak direla. Horregatik, errepresioaren areagotzeari euskal herritarren erantzuna areagotzea izango da irtenbidea. Ez bakarrik gure auziari, baizik eta errepresio orokorrari eta gure herrian oinarri demokratikoak eskuratzeko bideari”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!