Leizaran eskubaloi taldearen albistegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 17a, 18:05

USURBIL 22 –31 LEIZARAN ERNIO
SENIOR MUTILAK. Usurbilen jokatu zuten Kopako lehen partida eta uste baino garaipen errazagoarekin itzuli ziren. Hasiera kaxkar baten ostean etxekoek lau goletako abantaila lortu bazuten ere, markagailuari itzulia eman eta atsedenaldirako 10-15 nagusi ziren andoaindarrak. Bigarren zati lasai batean abantaila hori handitzea lortu zuten. Kopari hasiera ona emateko garaipena izan da.

LEIZARAN 16 –18 ZARAUTZ
SENIOR NESKAK. Azkeneko txapelketa honetan ondo ibili dira Andoaingo neskak. Azkeneko partida hau garrantzitsua zen, irabaziz gero taldeko lehenengo jartzen baitziren.  Zoritxarrez partida motela izan zen bi taldeen aldetik. Azken partida galdu ondoren, taldea Kopa prestatzen hasi da.

LEIZARAN 22–47 ELGOIBAR
JUBENIL MUTILAK. Kopako lehen partida zaila zuen taldeak, euskal ligako talde indartsu baten aurka neurtzen baitziren indarrak. Lehenengo zatiko lehen ordu laurdena ondo jasan zuen taldeak, defentsan sendo eta kontraerasoak baliatuz. Hortik aurrera, elgoibartarrek euren erritmoa ezarri zuten. Gure taldeak era berean gainbehera ikaragarria izan zuen. Lesio dezente eta garrantzitsuak zituen taldeak eta azken emaitzan oso nabaria izan zen.

L. PEGAMO 34 – 20 GROSEKO
JUBENIL NESKAK. Larunbat goizean jokatu zuten donostiarren aurka. Oso joko ona egiten hasi ziren, kontraerasorako aukera ugari lortuz. Lehen zatiaren amaierako emaitza 20-12 zen, etxekoen alde. Horrela, bigarren zatian ere gogor eutsi zioten markagailuari eta 14 goletako aldearekin amaitu zuten partida.

LEIZARAN 33 – 28 ZKE
KADETE MUTILAK. Igandeko partida intentsitate handiarekin hasi zen, baina kosta egin zitzaien lehen golak sartzea. Lehen zatian gure mutilek lan polita egin zuten, atsedenaldira 15-10 emaitzarekin joan zirelarik. Bigarren zatian andoaindarrak erlaxatu eta markagailuan zarauztarrak hurbiltzen joan ziren, baina azken minutuetan berpiztu eta gogor heldu zien partidari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!