Jacinto Txinti Diaz, Euskalduna areto futbol taldeko entrenatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 17a, 18:01

Elkarrekin doaz Jacinto Diaz Exposito Txinti (Andoain, 1958) eta areto futbolaren historia Andoainen . Gutxi daude herrian berak bezainbat ezagutzen eta maitatzen dutenak kirol hori. Oraintxe, mailaz igotzeko zorian da berak entrenatzen duen Euskalduna taldea.

Noiztik zara areto futboleko entrenatzaile?
Jacinto Diaz.
Ni berez zelaiko futbolean hasi nintzen. Orain 13 bat urte Euskaldunako kadeteak entrenatzera animatu nintzen. Sailkapeneko erdialdean amaitu genuen, baina zerbait lortu genuela uste dut: baloia ostikoz aurrera bota besterik egiten ez zekiten mutilak baloiarekin txukun jokatzen saiatzen hasi ziren. Orduko lehendakariak, ordea, sailkapenari bakarrik eman zion garrantzia eta gutxietsi egin zuen egindako lana. Haserretuta, utzi egin nuen taldea. Zenbait urte geroago, mutil horiek osatutako erremesarekin Euskaldunako jubenilen taldea ohorezko mailara igo zen…

Hortik, beraz, aretorako jauzia heldu zen?
J.D.
Kasualitate hutsa izan zen. Iloba eta bere lagunekin Ibarrako udako torneo bat jokatu genuen. Irabazi egin genuen, eta entrenatzaile titulua ateratzeko grina sortu zitzaidan. Babeslea azken unean lortu eta, hurrengo denboraldian taldea atera genuen federatuen areto futbola jokatzekotan.

Urte horietan gutxik sinistu dute zuk adina posible dela areto futboleko talde bat Andoainen.
J.D.
12 urtez jarraian ibilia naiz enpresaz enpresa eta tabernaz taberna diruz lagunduko zigutenen atzetik. Alde horretatik, eskertzekoa da zenbat lagundu diguten taberna ugarik, Orkatz Gozotegiak, Iceberg Izozkiak eta Adarra Frutak eta bereziki Alberto Orozko herrikideak. Horiek emandakoarekin eta fitxak ordaintzeko jokalariek jarritakoarekin ez beste ezerekin, horrelaxe atera izan da taldea.

Euskalduna taldean integratuta jokatzen duzue orain. Onerako?
J.D.
Ziurtasuna eman digu. Jada ez dugu ibili behar esponsorraren bila edo azpiegiturazko beste hainbat lan egin behar, eta horrek erraztu digu futbol kontuetan gehiago zentratu ahal izatea.
 
Nola zabiltzate aurtengo denboraldian, sailkapenari begira?
J.D.
Primeran. Nazional B mailara igotzeko konfidantza guztia daukagu. Hiru igotzen dira, eta hirugarren goaz.  Laugarrengotik 10 puntura geundela mutilak erlaxatu egin ziren, dena egina zegoela pentsatuta, eta horrela, bi partida galdu ditugu jarraian. Oso hurbil jarri zaizkigu atzekoak, baina igoko gara.

Zer moduz modaltzen zara jokalariekin?
J.D.
Oso giro polita sortu da Andres Aristi eta biok osatzen dugun talde teknikoaren eta euren artean, eta oso maila ona ematen ari dira. Apirilean gaude, eta entrenamenduetan jokalarien kopurua ez da hamarretik jaitsi. Bada aldea! Iaz jendeari telefonoz deika eta ibili baikinen. Ez daukat batere kexarik euren jarrerarekin; hori bai, aldian behin gogor jartzea tokatzen da. Kontzentrazioa galdu eta partidak galtzen hasi zirenean, adibidez, errieta egin nien serio: “edo erreakzionatzen duzue edo denok etxera goaz”, esan behar izan nien.

Nola ikusten duzu areto futbola Andoainen?
J.D.
Ez dago aretorako kulturarik. Dena zelaira begira egiten da, eta entrenatzaileak ere ez dira bultzatzen. Sistemak eta aretoan kokatzen ikasi duten gure taldeko jokalariak kenduta, Andoainen ez dago aretoko jokalaririk ia.

Luzaroan jarraitzeko asmotan?
J.D.
Egunetik egunera gehiago gustatzen zait areto futbola eta entrenatzaile lanetan jardutea. Kirol honi esker harremanak egiten dituzu jende askorekin, gustukoa duzun arlo bati buruz dakizuna erakusten duzu, poz handiak ematen dizkizu, erlajatzen laguntzen dizu... Emazteak eta alabak ezezkorik esaten ez duten bitartean, jarraitzeko asmoa dut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!