Omenaldi bikoitza Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 17a, 18:00

Iaz bezala, Errepublika Egunaren harira, lore eskaintza bikoitza egin zen Andoainen 36ko Gerran hil zituzten andoaindarren omenez. Pasa den igandean, Oroituz taldeak deituta ehundik gora herritar bildu zen Goiztirian eskulturaren inguruan. Biharamunean eta toki berean, udal ordezkaritza zabal batek lore sorta eraman zuen  Perez Gabarain herriko alkatea buru zela.

Herrian zehar leku estrategikoetan jarritako laupabost bandera errepublikanoek egun berezia zela adierazten zuten igande goizean. Bi ekimen antolatu ziren egun horretarako.
Igandean berrogeita hamar bat musikariz eta kantariz osatutako herriko talde errepublikoanoak kalejirari ekin zion goizean, Gaztetxetik abiatuta. Bandera errepublikanoa eta anarkista zein ikurriña lau haizetara zabalduz, kantu kantari ibili zen taldea. Errepublikaren aldeko aldarria, musika eta jai giroa, dena batera. Makina bat borroka kantu izan zuen ahotan: “Eusko gudariak”, “si los curas y frailes supieran…”, “A las barricadas”, “El Paso del Ebro”…

Eguerdian bat egin zuen eguneko bigarren ekitaldiarekin, Oroituz taldeak herriko 22 fusilatu eta gainerako frankismoaren biktimen oroimenez antolatutakoarekin hain zuzen. 150 bat lagun bertaratuta zeuden ordurako: fusilatuen senideak, lagunak, herrikideak… Iñaki Otamendi eta Jon Urtasun txalapartarien ttakun-ttakun hotsak eman zion hasiera ekitaldiari. Fusilatuen familiarrek eskulturaren eta argazkien aurrean lore eskaintza egin eta gero, Aitziber Ugartemendia dantzariaren aurreskua etorri zen, Josema Setienen txistuaren doinupean egindakoa.

Segidan, Gotzon Garmen-diak Oroituz taldearen izenean hartu zuen hitza, Gerra Zibilean frankismoak zapaldu zituen herriko seme-alaba guztiek Errepublikaren arpegirik leialena osatzen zutela gogoratu zuen. Aldi berean, monarkiarenb aurkako diskutso sutsua egin zuen, pasarte historikoak aipatuz horretarako.

Musikak eman zion amaiera Alfaro Parkeko ekitaldiari; errepertorioko sei pieza abestu zituen talde errepublikanoak, Errepublika bizitu zuten ikusle asko emoziozko malkotan jartzea lortuz.

ZIZKA-MIZKAK ETA BAZKARIA
Errepublikaren egunak izan zuen jarraipenik, hala ere: Oroituz-ek bertaratuei zizka-mizka eskaini zien, eta talde errepublikanoak kale jirari ekin zion berriro; aurrerago, taldeko partaideek 70 lagunentzat Kale Nagusian prestatua zegoen bazkarian freskatu ahal izan zituzten eztarriak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!