Taxien inguruko afera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 17a, 17:57

Hiru taxi lizentzia egonik, une honetan bakarra dago funtzionamenduan Urnietan. Eta noski, ezin denengana ailegatu. Taxi-telefono zenbaki bakarrak hobetu du egoera, neurri batean. Juanito Albizu, egun dagoen herriko taxi gidari bakarrak xehetasun gehiago eskaini ditu.

Hiru plaza, baina bakarra funtzionamenduan. Nahikoa ez noski?
Juanito Albizu:
Ezin iritsi. Urnieta taxi zerbitzu aldetik hornitua zegoela esan izan da. Herritarrak Hernanitik Donostialdera joaten badira, ondo. Baina urnietar batek Xoxoka aldera joan nahi badu, hemen herri inguruan ez badago taxirik, Hernani edo Lasartetik etorritako taxian joango dira. Eta kostua ere halakoa da. Horregatik diot Urnietan taxi gehiago behar direla.

Hiru lizentziak egonda hiruak funtzionatzen egotea eskatzen duzu, beraz?
J.A.:
Bai. Herria hazten doa. Orain hiru eskatzen ditugu, baina gero agian gehiago beharko dira. Herriaren eskaeraren araberakoa izango da. Neure iritziz, ez dago ondo taxi batzordeak esaten duena, ez direla gehiago behar diote.

Batzordeak ez du beharrik ikusten?
J.A.:
Nik uste dut ez dutela hemengo eskaeraren berri. Niri askotan gertatu izan zait kanpoan egon, dei bat hartu eta tren geltokitik pabilioietara joateko eskaera jasotzea eguraldi txarrarekin. Eta nik esan beharra, ez dela posible zerbitzu horretara iristea eta nahi izanez gero, Hernanitik bidaliko diodala taxi bat. Baina kasu horretan, Hernanitik hasita kobratuko zaio. Horrelako kasu asko dago. Ahal duena ezagunekin konpontzen da, baina hori ez zait iruditzen irtenbide egokiena denik.

Noiz nabari da zerbitzu gabezia?
J.A.:
Asteburuetan kaosa izaten da, askotan kanpoan naizela deitzen baitidate. Gazte asko dago. Oraingo telefono zenbaki bakarrarekin zerbait ari dira lortzen, baina denbora gehiago behar da.

Taxista batzuk besteen eremuan sartu eta lana kentzen dietela entzuten da?
J.A.:
Kexa izan da, adibidez, Donostiatik telefono zenbaki bakar horretan sartuta ez dauden taxiak etortzen direla. Eta horrek bai, kaltea eragiten du. Baina gainerakoan, norbera okupatua badago, normala da zeure lana telefono zenbaki bakar horretan dagoen beste langile batek hartzea.

Zeintzuk dira taxi zerbitzuaren ohiko erabiltzaileak?
J.A.:
Gehienbat, erresidentziakoak, trena galdu dutenak, autobusera iristen ez direnak… Urjentziazkoak dira. Hemen dirua inork ez du botatzen edozein modutan. Taxia behar duenak gainera, berehala behar izaten du. Eta Urnietan ez dago.

Zer esan bezeroei?
J.A.:
Taxia eskatzen dutenean mesedez han egoteko. Batzuetan bila joan eta ez baitira egoten batzuk. Haiek haien buruari harriak botatzen ari dira.

Eta arazo gehiago taxi bakarra dagoela jakinda?
J.A.:
Horrelako deien artean, beste bat jasotzen badut, zerbitzurik gabe gelditzen da, bai bat zein bestea.

Eskaria igo al da?
J.A.:
Bai. Hernanira edo Donostiara doazen gazteen kasuan, Gipuzkoako zerbitzu hau dago. Donostia ordea, ez dago zerbitzu berri horretan sartuta. Herriko jendeak Gipuzkoako telefono zenbaki bakar horretara deitzen badu, ezin taxia bidali haiek sartuta ez daudelako. Ondorioz, askotan gazteak bi orduz zain izaten dira. Guri deitzeko esan nahi nieke. Esango genieke zenbat denbora behar dugun hara ailegatzeko. Hala ari naiz konpontzen.

Badira zenbaki bakar horretatik kanpo geratu diren zonaldeak?
J.A.:
Irun, Orereta, Donostia… Denok sartu eta zentralak lana ondo egiten badu, oso zerbitzu ona da. Zentralak lokalizatuak ditu taxiak eta segituan bidaltzen ditu.

Taxia behar duenak Idiazabal kalean aurki zaitzake?
J.A.:
Beti hartzen dut telefonoa. Toki bezala ez da txarra, baina arazoa ikusten dut. Eguraldi txarrarekin erremediorik gabe kotxe barruan egon behar dut. Eskatua dut, geltokiari begira egongo litzatekeen lokal txiki bat aterpearekin.

Balizko erosle horri. Taxi lizentzia bat zer baldintzetan eskuratzen da?
J.A.:
Lan eskariaren arabera ordaintzen da plaza. Prezio jakinik ez dago. Eta ezin da lizentzia bat utzita izan. Nahiz dakidanagatik, Urnietako kasua berezia izan.


TELEFONO ZENBAKI BAKARRA:

943 400 500
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!