AHTren aurkako eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 17a, 17:56

Andoaingo AHT gelditu! Elkarlana ekimenak antolatuta, egun osoko egitaraua egin zen apirilaren 12an Andoainen. Goizetik herri kirolen txanda izan zen Goikoplazan. Jai giroa lehia baino nahiago zutela argi agertu zuten partehartzaileek hasieratik, kirol anitzetan erakutsi zuten eran.


Jokoak amaituta, aldarrikapena eta musika biak uztartzen zituen kalejira abiatu zen, herriko goikaldeko auzoetan barrena. Ondoren, ehun bat lagunen arteko bazkari herrikoia egin zen Juanita Alkain plazan.
Manifestazioa, arratsaldean irten zen Zumea Plazatik. 200 bat lagunek osatutako manifestazioa herriko kaleetan zehar ibili zen, eta Goiko Plazan agiri bat irakurriz amaitu zen. Antolatzaileek ohartarazi zutenez “euskal gobernuak eta propaganda aparatoak (prentsak) behin eta berriro sinestarazi nahi digute proiektuak atzera bueltarik ez duela, joko sikologiko batean murgilduz, eta gure ideiak eta ilusioak manipulatu nahian”. AHT-ren bultzatzaileek darabilten argudio ugari auzitan jartzen dira agiri horretan. Trafikoaren murrizketari dagokiona, adibidez: AHT-k trafikoa gutxituko omen du, hala ere autobide eta desdoblamendu berriak nonahi egiten ari zaizkigute, aurreikuspenak kontrakoa diotelako”. Diotenez, ez da posible CO2ko emisioak jaistea eta aldi berean “kontsumo energetikoa gehitzea eta merkantzia eta gizakien mugikortasuna areagotzea”.

GIZARTE EREDUA
AHT-ekin batera inposatu nahi omen den gizarte eredua kritikatzen dute gogorki “ingurua txikitzen ari zaizkigute, multinazional, enpresa handi eta politikari korruptoen mesedetan; neoliberalismoari bizi baldintzak samurtzen zaizkion bitartean, baldintza sozialak (gizakien eskubideak) eta ingurugiroa egunetik egunera kaskartzen doaz”.

Manifestazioari bukaera emateko, AHT-aren kontra aurrera begira antolatuta diren ekitaldiak iragarri zituzten antolatzaileek. Besteak beste, maiatzaren 26an Andoainen eta 31ean Donostiako kale ageraldiak.

Gauean, azkenik, musika kontzertua izan zen Gaztetxean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!