Alegazioak aurkezteko argibideak Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 17a, 14:22

Urnietako Hiri Antolamendu berriari alegazioak aurkezteko asmoa duenak udalbatza aretoan ipini duten informazio zerbitzura jo dezake.Joxemi Sanchez Udaleko Hirigintza Lansaileko langilea argibide eta zalantza guztiak argitzeko lanean ari da. Hona, gaiaren inguruan berarekin izandako solasaldia.

Zer funtzio betetzen du zerbitzu honek?
Joxemi Sanchez:
Arauen hasierako planaren aurkezpena da, alegazioak aurkezteko. Herriaren hazkuntza nolakoa izango den planteatzen da, industria, eta etxebizitza mailan. Maiatzaren 2ra arte zabalik.

Ba al dabil mugimendurik?
J.S.:
Jende asko dator, gaiaren nondik norakoak ezagutu nahi dituelako, bereziki etxebizitzaren alorrean. Baina gehienak inplikatutakoak, interesdunak datoz. Herri hazkundeak haien lur sail edota ondasunetan eragin dezakeelako.

Alegazioren bat aurkeztu nahi duenak zer egin behar du?
J.S.: 
Alegazioak, ideiak, proposamenak… Udal errejistroan aurkeztu, gustuko ez den horren edota falta den zerbaiten inguruan.

Gaia teknikoa izateak baten bat atzera botarazi dezake?
J.S.: 
Ez dago arazorik. Hala ere, herrian aurkeztuko diren alegazioez gain, Arnasa plataforma da ideia gehien aurkeztuko dituena. Adeporen erakusketa ere hor dago. Haiek biltzen dituzte norbanakoen ezinegon asko.

Zer bide jarraituko du prozesu honek?
J.S.:
Hau, aurreko udal gobernu taldearen proposamena da. Iaz, oraingo planoak ikusgai izan ziren hilabetez. Lehendik eginda zegoen lanari heldu dio berriz UDA-k. Erredakzio taldea bi arkitekto eta abokatu batez osatua dago. Haiek aurkeztutako alegazio guztiak kontuan hartuko dituzte. Bideragarriak badira, proiektu berri batean islatuko dituzte. Eta hori, gero, udal gobernu taldeak onartu beharko du.

IRITZIA
Gaiarekin lotuta, Aiurrik aurreko asteetan PSE-EE, UDA eta ANVren iritziak bildu ditu. Oraingoa EAJren txanda da.

2005ean Aurrerapena dokumentua Lekaion herritarrei prozesuaren berri emateko aurkeztu zenean hauen galderei erantzuteko Alkatea eta Aurrerapena egin zuen lantaldea izan ziren. Pertsona jakin batzuek, ordea, ez zuten bileraren helburua bideratzen utzi. Herritarren proposamenak bideratzeko eta partaidetza osoa, zabala eta argia emateko une garrantzitsuaren aurrean geunden. Batzuei ez zitzaien interesatu prozesu hori garbia izatea eta, herritarrak nahasteko helburuarekin, gehienetan gezurrak ziren afirmazioak esaten ibili ziren.

Guztira 37 proposamen aurkeztu ziren. Erredaktoreek proposamen hauek hausnartu eta udalbatzak batzuk ontzat hartu zituen gehiengo osoz. Honela, eta 2006.urteko Irailean indarrean sartu zen Lurzoru legeak dioena errespetatuz, forma eman zitzaion hasierako dokumentuari.

Hasierako dokumentu honi zuzenketak aurkezteko bi hilabeteko epea jarri zen, 2007ko maiatzatik 2007ko uztaila arte, udal hauteskundeak medio.

Udalbatza berria osatu zenean, prozesuak nolako bidea jarraitu behar zuen galdetu zen. UDAkoek hasieran dokumentua inpugnatu behar zutela esan zuten. Baina alegazioak egiteko epea amaitu baino lehen, epea bigarren aldiz irekiko zutela esan zuten. Zergatik?
Prozesuaren eteteak, garantia falta, transparentzia, udal plenoetan salatu genuen. Noizko? Abenduan hirigintzako batzordean alegazioetarako bigarren epea zabaltzeko proposamena mahai gainean jarri zenean, EAJ-PNVk berme batzuk eskatu zituen:

  • Gutxienez 4 hilabeteetako epea alegazioak egiteko eskatu genuen, hau izan baitzen Arnasa plataformak lan egiteko izan zuen denbora. Herritar guztiak eskubide berdinak ditugu eta gainontzeko herritarrei aukera berdina eman behar zaiela uste dugu.
  • “Batzorde gidaria” deritzona sortzea eskatu genuen, alderdi politiko, erredaktorea eta beharrezko teknikoekin, prozesuan emango ziren pausu guztiak adosteko.
  • Herritarrei informazio garbia eman eta prozesuaren nondik norakoak azaltzeko eskaria egin genuen ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!