Uraren kontsumoaren kontzientzia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 16a, 13:22

Joan zen ostiralean Ernioladea Udaltalde 21eko eskualdeko Udaletako alkateek ur kontsumoa murrizteko eta sukaldeko olio erabilia nahiz etxeko hondakin arriskutsuak biltzeko deia egin zuten Anoetako udaletxeko aurkezpenean. Egun hauetan ari dira banatzen ur kontsumoa murrizteko poltsak Zizurkil, Villabona, Aduna, Asteasu, Anoeta nahiz Iruran.

Ernioaldea Udaltalde 21eko partaide diren herrietako etxe guztietako postontzietan banatzen ari dira ur kontsumoa murrizteko poltsak. Poltsa horretan bi koilarakada gatz bota ondoren, urez bete eta komuneko zisternan sartu behar da. Modu horetan, bonbari tira egiten zaion bakoitzean litro bat ur aurreztuko da. Urtean 4000 litro pertsonako. Ekimenaren sustatzaileek herritarrei poltsa komunean jartzeko deia egiten diete.

Olio erabilia eta hondakin arriskutsuak
Bestalde, etxeko sukaldeko olio erabilia eta etxeko hondakin arriskutsuak biltzeko ere zerbitzu berria jarri da abian. Olio erabiliaz gain, hondakin arriskutsuak ere utzi ahal izango dira edukiontzi berrian: pilak, bateriak, fluoreszenteak, bonbilla halogenoak, aerosol poteak, kotxeetako olioa, pinturak, bernizak, disolbatzaileak, inpresoren tinta kartutxoak eta tonerrak, CD eta DVDak, termometroak, erradiografiak, aparailu elektriko txikiak eta telefono mugikorrak. Hondakin likidoak pote etxietan utzi beharko dira.

Hara herriz herri bilketarako ordutegia:

ASTEASU: Udaletxeko sarreran; astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:30etara.

AMASA-VILLABONA: Udaletxeko arkupeetan; astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara.

ZIZURKIL: Aurrerako Udal bulegoetan; astelehenetik ostiralera 07:30etatik 15:00etara. 

ANOETA: Abraham Olano Udal kiroldegia; astelehenetik ostiralera 09:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 21:30etara. Larunbatetan 09:00etatik 13:00etara.

IRURA: Udaletxeko sarreran; Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara. 

Egunez eguneko zerbitzuaz gain, Puntu Berde Mugikorrak, hondakin mota horiek biltzeko furgonetak hileroko zerbitzua ematen jarraituko du ohiko egun eta orduetan. 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!