Udal Gobernuaren argudioak

Apirilaren hamalauan herriko bi kokaguneri izena aldatzeko hartutako erabakiaren inguruan, hauxe da gobernu taldearen iritzia:

JOXE ARREGI PLAZAREN IZENA ALDATZEKO ETA JOSELU GERESTAREN IZENEAN DAGOEN ESKULTURA ETA PLAKA KENTZEKO UDALAK HARTUTAKO ERABAKIARI BURUZ, UDAL GOBERNUAK HONAKOA ADIERAZTEN DU:
 
I. Euskal gizarteak argi azaldu du, eta geroz eta ozenago adierazten du indarkeriaren aurka dagoela, bai ETArena funtsean izan, bai GAL edo eskuin muturreko beste taldeena izan, euren jarduketarekin gure Herrian normaltasunezko bizikidetza eragozten dutelako.
 
Terrorismoaren biktimak eta hauen ingurukoek jokabide horiekin eragindako oinazearen eta sufrimenduaren adierazle dira. Izuaren eta fanatismoaren ondorioak jasan dituen gure gizartearen kolektiboa dira.
 
Testuinguru honetan, eta biktimen egoera arintzeko asmoz, onarturiko ebazpen desberdinen artean, Eusko Jaurlaritzako Osoko Bilkurak Legezkoa ez den Proposamena onartu zuen, non "Udalen aldetik biktimen memoriarentzat iraingarriak izan daitezkeen kale eta plaza haien izenak kontuan hartu eta gogoeta egitea iradokitzen" den. Ildo berekoak izan dira Giza Eskubideen Batzordeak eta Eusko Legebiltzarrak eginiko adierazpenak ere.
 
Gainera, Dignidad y Justicia elkarteak eta Miguel Angel Blanco eta Fernando Mugicaren familiarrek, bide ezberdinetatik bada ere, herrian dauden plazetako ikurrak eta izenak, eta biktimen sentsibilitatea iraintzen dutenak erretiratzeko eskatu dute.
 
II. Azaldutakoaren aurrean, Gobernu Taldeak argi utzi du eta hala adierazi du beste behin ere Zizurkilgo kaleek eta plazek talde terrorista bateko kideen izena izatearen aurka dagoela.
 
Hau da Gobernu Talde hau osatzen duten talde politikoek historikoki azaldu duten jarrera, eta, horretarako nahikoa da osoko bilkuretako aktak begiratzea. Halatan bada, 1981eko ekainean izandako batzarrean "Joxe Arregiri omenaldi-batzordea"k Elbarrena plazari aipaturiko izena ematea eskatu zuen. EAJ-PNV alderdiko ordezkariek ezezko  botoa eman zuten.
 
"Ordezkatzen zuen erakundeak erabiltzen dituen indarkeriazko metodoak gure herri-nahiaren aurkakoak izan dira, eta Euskadi etsipenean murgiltzen" dutela izan ziren orduan emandako arrazoiak, "herri honetako bizilagun guztien artean gutxiengo baten irizpideak ezartzearen" aurkako jarrera argi eta garbi adierazteaz gain.
 
Aurka emandako bost botoei HBko eta Partido del Trabajo de España (PTE) alderdiko sei botorekin erantzun zitzaien, eta horrek ahalbidetu zuen Zizurkilgo plazari Joxe Arregi izena ematea. Halarik ere, handik urtebetera, udalerriko kaleen izendegia egitearen kariaz, gai honen onarpena eztabaidatu zen osoko bilkuran, EAJ-PNV alderdiak Elbarrena plazari Joxe Arregiren izena jartzearen aurkako jarrera azaldu zuen berriro ere.
 
2000ko otsailean, “Zizurkilgo Amnistiaren aldeko batzordea”k mozioa aurkeztu zuen osoko bilkuran herrian Jose Luis Geresta "Ttotto"ri omenaldi bat eskaintzeko, eta haren omenez monolito bat ipintzeko. Oraingo honetan ere EAJ-PNV eta EA alderdiek aurkako jarrera azaldu zuten, "ETAko kide bat omendu nahi delako, eta erakunde honek azkenaldian buruturiko atentatuen aurrean, ezaugarri hauetako mozio bat ezin delako onartu".
 
Gaur egun Gobernu Taldea osatzen duten alderdiek "herriaren nahia errespetatzeko" eskatu zioten ETA erakundeari, "hori lortzeko indarkeria ez dela inoiz beharrezkoa izango" esanez. Berdinketa eman zen botazioen ondoren, EH-ren lau botoen eta EAJ-PNV eta EA alderdiaren artean batu zituzten beste lauen artean, eta, hala, kalitatezko bere botoa baliatu zuen Euskal Herritarrokeko Alkateak.
 
Orain arte esandakoak argi uzten du bere garaian hartutako erabakiak halako gai berezi eta sentiberek eskatzen duten kontzentzurik gabe onartu zirela.
 
Lehen eta orain ere, Ezker Abertzaleak Zizurkilgo plazak edo omenaldiak euren militanteenak eta aintzat soilik izatea nahi du, Zizurkilen biktima gehiago ere badaudela ahaztuz, hala nola, Julian Galarza eta Juan José Pacheco Cano, biak ala biak ETAk eraildakoak.

Horren adibide garbia dira azken egunotan erakutsi duten jarrera mehatxatzaile eta antidemokratikoa, Udaletxean eta honen inguruetan azaldutako pintadak direlarik horren guztiaren adierazgarririk argiena.
 
III. Gobernu Taldeak, Raúl Vázquez Gonçálvez Udal honetako Alderdi Popularreko Zinegotziaren jarrera salatzen du. Bere harrokeria, Erakunde honekiko erakutsi duen fede txarra eta leialtasunik eza eragozpen larriak izan baitira gai hau eta beste batzuek normaltasunez tratatu eta ebazteko.
 
Gogora dezagun bestela Zizurkilgo PP alderdiko zinegotzia, zeinak bere botoarekin osoko bilkuraren erabakia alda zezakeen, ez zela agertu Jose Luis Geresta "Ttotto"ren omenez monolitoa jartzea onartu zeneko 2000ko otsailaren 28an eginiko Osoko Bilkurara. Izan ere, eta harritzekoa bada ere, bilkurara ez agertzeagatik erabakiaren partaide izan zen, eta Zizurkilgo PP alderdiak ez du inolako adierazpenik egin gai honen inguruan azkeneko zortzi urte hauetan.
 
IV. Terrorismoen biktimen inguruan hartutako erabakiak betetzeari buruz honela dio 2007ko urriaren 17an onarturiko Lehen Ebazpenak:

"Eusko Legebiltzarrak ondoko jarduera hauek garatzeko eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari:

 
1. Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren aldetik talde inkontrolatuek, eskuin muturrekoek eta GALek buruturiko terrorismoaren biktimen errealitateari buruzko txosten zehatza eta sakona egiteko, biktimen identifikazioari arreta berezia eskainiz, eta indarrean dagoen legerian aitorturiko eskubideen aitortza-mailaren azterlana.
 
2. Giza Eskubideen Zuzendaritzaren aldetik indarkeria politikoaren ondorioz giza eskubideen urraketa jasaten duten beste biktima batzuen egoerari buruzko txosten zehatza eta sakona diseinatu eta prestatzeko, biktimen identifikazioari arreta berezia eskainiz, eta hauen aitortza moralari erantzuna eta ordaina emango dieten neurrien azterlana.

Aipaturiko ebazpena Eusko Jaurlaritzak bere aldetik garatu artean, Gobernu Talde honek biktima guztien omenezko jarduketa posibleak aztertuko dituen Batzorde bat sortzea proposatzen du.  
 
 
 
                                  Zizurkil, 2008ko apirilak 14.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!