Salvadorako Babes Ofizialeko 49 etxebizitza eta garajeren zozketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 15a, 15:11

Abian da Salvadorako Babes Ofizialeko 49 etxebizitzen eta garajeen zozketarako izena emateko epea. Maiatzaren 15a izango da azken eguna.

Maixabel Arrieta alkatearen hitzetan, " Udalaren nolabaiteko betebeharra ere bada herritarrei merkatu librean baino merkeagoak diren etxebizitzak eskaintzea. Gutxien dutenei laguntzea oinarri-oinarrizko printzipioa izanik gure Udal taldearen jardueran, oraingo hau eman beharreko pausoa dela esan dezakegu, baina ez nahikoa, ordea, oraindik ere gure herrian asko baitago egiteko. Herritar guztien bizi kalitate duina helburu duen Udal politika garatzea da gure asmoa, eta horretan ari gara". Salvadorako eremuan 49 etxebizitza eta garaje zozketatuko dira


Zozketatzen diren etxebizitza eta garajeen ezaugarriak
Eraikiko diren etxebizitzetatik zazpik 3 gela eta 2 bainu izango dituzte; berrogeik, 2 gela eta bainu bat; eta bik, gela bat eta bainu bat. Azken bi horiek 40 m2 ingurukoak izango dira eta gainontzekoak, 57 eta 81 m2 artekoak. 49 etxebizitza horietatik bi, ezinduei esleitzeko prestatuta daude.

Etxebizitzak jabetza erregimenean erosiko dira eta salmenta -prezioak legeak ezartzen dituenak izango dira.

Bestalde, etxebizitzarekin batera ezinbestean garaje ireki bat erosi beharko da.

Zozketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak
- Lehenik eta behin, zozketan parte hartzeko interesa duten herritarrek Etxebiden eman beharko dute izena maiatzaren 15a baino lehen, edo dagoeneko bertan alta emanda egon.

- Jakina, adin nagusikoak diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak beharko dute izan.

- Ezingo dute beste etxebizitzarik eduki jabetzan.

- Honako erroldatze baldintzaren bat bete beharko dute:
     -2003ko maiatzaren 15etik edo lehenagotik gaur egunera arte, etenik gabe, Villabonan erroldatuta egotea.
     -Eskatzailea Villabonan gutxienez 15 urtez erroldatuta egon izana eta gaur egun Villabonan erroldatuta egotea.

- Ahalmen ekonomikoari dagokionez, legeak zehazten dituen irizpideak jarraituko dira. Hau da, gehieneko diru sarrera ponderatua urtean 33.000 eurokoa izango da eta gutxienekoa 9.000 eurokoa. Mugikortasun urria duten ezinduen kasuan, aski izango da urtean 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrera egiaztatzea.
Diru-sarrera horien justifikazioa 2006ko ekitaldikoa izan beharko du.

Izen-ematea

Etxebiden eman behar da izena maiatzaren 15a baino lehen. Etxebidek Donostian du bulegoetako bat (Andia kalea 13).

Era berean, www.etxebide.info web orriaren bitartez ere eman daiteke izena, bertan prozedura guztia nola egin azaltzen baita.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia bete eta gero, Euskadiko Kutxa (CLP) eta Kutxa banketxeetan ere entrega daiteke.

Ondoren zer?
Maiatzaren 15a baino lehenago egiten diren eskaerak aztertuko ditu Etxebidek, eta ondoren onartutakoen zerrenda pasako dio Udalari. Horien artean egingo litzateke zozketa. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak Udalaren iragarki taulan ipiniko dira, inork erreklamaziorik aurkeztu nahi badu. Udaletik prozesua motza izango ez dela esan dute eta lasai egoteko. Izena ematen duten guztiei aurretik jakinaraziko zaie zozketaren data eta lekua. Urtea amaitu aurretik egin nahiko litzateke.

Oharra
Orain arte irakurritako guztia eskabideak egiteko baldintzen laburpena besterik ez da. Nahi izanez gero, www.villabona.net web orrian dituzue ikusgai zozketaren baldintza guztiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!