Hilabete batzuk prestaketa lanetan aritu ondoren, apirilaren 17an errekor berri bat jarri zuen. Marijo Sardon harri jasotzaile urnietarrak ostegun hartan zuzenean parte hartu zuen ETB-1 telebista kateko "Horrelakoa da bizitza" saioan. Andoni Aizpuruk aurkezten duen saioan, 125 kiloko harri zaharra bi aldiz altxa zuen (hirugarren bat baliogabea izan zen). Bost minutuko tartea izan zuen. Inoiz emakume batek altxa duen pisurik handiena da. Herri Kiroletako Federazioak gertutik jarraitu zuen proba. Sardonek pasa den urrian burutu zuen azken errekor saiakera. Orduko hartan, bost minututan 89 kilotako harri borobila sei aldiz altxa zuen. Lorpenarekin oso gustura ziren Sardon eta baita bere prestatzaile Luis Mari Telleria ere, nahiz eta kirolariak belauna lesionatua izan. Horregatik, proba haren ostean, bi hilabetez eten zuen kirol jarduna.