Ernioaldea Udaltalde21eko egitasmo berriak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 11a, 15:54

Gaur eguerdian, ur kontsumoa murrizteko kanpainaren eta etxeko olio erabilia eta hondakin arriskutsuak biltzeko zerbitzu berria aurkeztu dute Ernioaldea Udaltalde21eko kideek.

Arantza Aburuza Adunako alkatea, Iñaki Amenabar Astasuko alkatea, Maixabel Arrieta Villabonako alkatea, Mª Angeles Lazkano Zizurkilgo alkatea, Periko Peñagarikano Anoetako alkatea eta Marimi Ugalde Irurako alkatea izan dira prentsaurrekoan eta lehenik eta behin Ernioldea Udaltalde21en sorreraz mintzatu dira, “2004 urte amaieran sortu zen, Tokiko Agenda 21ak bultzatu asmoz, bailarako udalerriak elkartuta. Orduz geroztik, iraunkortasunean aurrera egiteko pausoak ematen gabiltza”. Pauso horien artean ur kontsumo arduratsua sustatzea da helburuetako bat. “Udaltalde21a osatzen dugun herri guztietara ur kontsumoa murrizteko balio duen poltsatxoa banatuko da. Poltsan bertan datoz erabiltzeko argibideak: bi koilarakada gatz bota behar dira poltsara, urez bete eta komuneko zisternaren tapa ireki ondoren bertan sartu behar da”. Bonbari tira egiten zaion bakoitzean, litro bat ur aurrezten dela adierazi dute, “pertsonako, 4000 litro urtean”. Herritarrak poltsa erabiltzera animatu dituzte aurkezpenean parte hartu duten alkateek, “bakoitzak bere etxean eta zailtasunik gabe erabil dezake. Denok kontzientzia hartzen saiatu behar dugu, litro asko aurreztu baitaitezke”.
Ekintza hau burutzeko Udalsarea21en eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailaren laguntza izan dute.

Olio erabilia eta hondakin arriskutsuak
Prentsaurrekoan, abian jarri duten beste egitasmo baten berri ere azaldu dute: etxeko sukaldeko olio erabilia eta etxeko hondakin arriskutsuak biltzeko eguneroko zerbitzua. “Hemendik aurrera, Anoetan, Asteasun, Iruran, Villabonan eta Zizurkilen (Adunan oraingoz ez da martxan jarri) Udal eraikin batean edukiontzi bat egongo da eta bertan utzi ahal izango dira sukaldeko olio erabilia eta baita beste hainbat hondakin arriskutsu ere: pilak, bateriak, fluoreszenteak, bonbila halogenoak, aerosol poteak, kotxeetako olioa, pinturak, barnizak, disolbenteak, inpresoren tinta kartutxoak eta tonerrak, CD eta DVDak, termometroak, erradiografiak, aparailu elektriko txikiak eta telefono mugikorra”. Hondakin likidoak pote txikietan utzi beharko direla azaldu dute. Hauexek zerbitzu berriaren kokalekuak:
ASTEASU: Udaletxe sarreran; astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:30etara.
VILLABONA: Udaletxeko arkupeetan; astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.
ZIZURKIL: Aurrerako Udal bulegoetan; astelehenetik ostiralera, 07:30etatik 15:00etara.
ANOETA: Abraham Olano kiroldegian; astelehenetik ostiralera 09:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 21:30etara. Larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara.
IRURA: Udaletxeko sarreran; astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara.

Aipatu zerbitzua martxan jartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorrerako departamenduaren laguntza izan dute. Aurkezpenean adierazi dutenez, “orain arte hondakin mota horiek biltzen zituen furgonetak, Puntu Berde Mugikorrak, hileroko zerbitzua egiten jarraituko du ohiko leku eta orduetan”. Gainera, zerbitzuen egutegi eta ordutegiak gogoan izateko, epe laburrean aipatu zerbitzuaren eta traste handien bilketaren berri ematen duen imana banatuko zaie herritarrei.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!