"Zaborrez gainezka" hitzaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 11a, 14:07

Onddolar plataformako kideek "zaborrez gainezka" hitzaldia antolatu zuten atzo iluntzean Gurea antzokian. Julia San Jose medikua, Jordi Colomer ingurumen teknikaria eta atez ateko gaikako zaborren bultzatzailea eta Imanol Azpiroz konpostaian aditua izan ziren hizlariak.

Onddolar plataformako kide Maite Martinezek, zaborra egungo arazo nagusia dela esanez aurkeztu zuen hitzaldia, “gero eta zabor gehiago sortzen dugu, abiadura handian gainera”.
Julia San Jose medikuak 2003-2004 urtean, Gipuzkoan hainbat erraustegi jartzeko asmoa zegoela esan zuen, “haietako bat gure eskualdetik eta ospitaletik gertu zegoenez, gaia aztertzea erabaki genuen. Jakin genituen emaitzekin beldurtu egin ginen eta gordeta uzten zen informazioa gizarteari azaltzea beharrezkoa zela ikusi genuen”. Erraustegiak gizakiari osasun mailan sortzen dizkion kalteak izan zituen hizpide, “erraustegiak gai kutsakorrak botatzen ditu airera, gero lurrean edo uretan kokatzen direnak. Gizakiei min handia egiten dieten gasak eta mikropartikulak botatzen ditu. Gai toxikoak dira, oso arriskutsuak”. Jakinarazi zuenez, erraustegia baldintza onenetan legokeen kasuan ere ez lituzke arriskuak saihestuko, ez dute inolako segurtasunik eskaintzen. San Jose medikua, denboran zehar erraustegiak erauzten dituen gaiek ingurugiroan eta gizakiengan zituzten eraginetan oinarritu zen, “gai kutsakorren eragina ez da egun batetik bestera nabaritzen, ez da bat-batekoa izaten. Urteen poderioz agertzen dira ondorioak”. Ondorioak asko eta era ezberdinekoak direla jakinarazi zuen eta ez dela egia guztia esaten, “alderdi batzuk bakarrik daude aztertuta eta elementu batzuk bakarrik ezagutzen ditugu. Ez guztiak, inondik ere”. Besteak beste, dioxinak izan zituen hizpide: “egun gizakiak sor dezakeen gairik kutsakorrena da. Zelulen barruan sartzen da eta ADNarengan egiten du mina, horregatik eragiten du era berean sistema ezberdinengan: Arnasketa aparatuan eragin dezake, gibelean…Minbizia sor dezake”. Eta bai, minbiziak gora nabarmen egin duela aipatu zuen, “gero eta urte gehiago bizi gara egun baina, gero eta azkarrago eta jende gehiago gaixotzen da minbiziz. Beste elementu batzuk zalantzazkoagoak dira edo beste gairen batzuekin nahastuta egiten dute min baina, dioxinak, minbizi eragile zuzenak dira. Sistema nerbiosoan eta pneurosikologiko arloan eragina dute, baita ikasteko edo komunikatzeko gaitasunean ere. Memoria galtzea, lehenago zahartzea, ormonen jarrera edo enbrioiaren hazketa oztopatzen dute. Haurrak izateko zailtasunak ere eragiten ditu”, beste hainbeste ondorioen artean. Minbiziak erraustegiak kokatu dituzten inguruetan nabarmen eta modu beldurgarrian gora egin duela aipatu zuen eta egoera hori saihestu egin daitekeela, irtenbideak badaudela. “Guztion artean saiatu behar dugu irtenbidea aurkitzen, gure osasuna eta ondorengo belaunaldiena dago jokoan”.


Atez ateko gaikako bilketa
Jordi Collomer ingurumen teknikari katalanak zaborrak bereizteko moduak azaldu zituen eta %10-a birziklatzeko zailak diren elementuak zirela esan zuen. “Hondakinen %90-a berrerabil daiteke eta Gipuzkoan %20 besterik ez da birziklatzen”. Erraustegiaren eragileek azaltzen dituzten arrazoi gehienekin ados ez zegoela erakutsi zuen Jordik eta zaborra bereizi eta berrerabiltzearen garrantziaz jardun zuen. Kataluniako 70 herritan abian jarritako egitasmoaz ere mintzatu zen: atez ateko bilketaz hain zuzen. Egunero, zabor mota ezberdina jasotzen dute atez ateko zabor biltzaileek: dela organikoa, dela papera edo dela plastikoa… “Hasieran jendeak ohitu egin behar du ekimen berrira eta denbora eskatzen du horrek baina, herritarrak egitasmoaren garrantziaz ohartzen dira eta oso erosoa da gainera”. Zaborra biltzeko ontziak etxearen atarian kokatzen dituzte eta inork zaborra gaizki bereizita ateratzen badu, ez dute jasotzen, “parte hartzaileak ekimenaren garrantziaz eta seriotasunaz ohar daitezen”. Imanol Azpirozek “zaborrak elkarren artean nahasten baditugu emaitzak ez du ezertarako balio”, adierazi zuen. Konpostaian aditua denak, Usurbilen atez ateko bilketari ekiteko asmoa azaldu zuen udazkenerako. “Pauso asko eman behar da egitasmo hori martxan jartzeko. Herritarrak eta Udaleko kideek egitasmoan sinistea behar-beharrezkoa da. Kontzientzia lan handia eskatzen du”. Gipuzkoan atez ateko bilketa abian jarriko duten lehen herria izango da Usurbil eta hedadura nahiz biztanle kopuruaren ezaugarriak ikusita, Amasa-Villabona ere leku egokia izan daitekeela aipatu zuten. Duela hilabete gutxi Imanol Azpiroz, Villabonako Udaleko hainbat zinegotzi eta gaiarekin interesa zuten beste hainbat kide Kataluniako egoera ezagutzera joan ziren, “nola funtzionatzen duen ikusita, merezi duela ikusten duzu. Esfortzu handia eskatzen du baina, merezi du”.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!