“Egonaldiak familia euskaldunetan” egitasmoa, abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 10a, 13:45

Familia euskaldun bila dabil HABE, euskara ikasi edota hobetu nahi duten ikasleak uda partean etxean hartzeko. Trukean, familiak diru-laguntza jasoko du. Apirilaren 25era arte izena ematea zabalik.

Euskara ikasi, hobetu edota lekuan lekuko euskalkia barneratu nahi duen jendea hartzeko familia euskaldunak behar dira. Hortan datza “Egonaldiak familia euskaldunetan”, HABE-k sustatu eta Donostiako URRATS eta Bilboko ULIBARRI euskaltegiek antolatzen duten egitasmoa. Egonaldia gutxienez hilabetekoa izango da, uda partean. Tarte horretan 18 urtetik gorako ikasle bakarra hartu ahal izango da eta gutxienez, hiru lagunek bizi beharko dute etxe berean. Ikaslearentzat logela bat libre utzi beharko da. Trukean, familiak 650 euroko laguntza jasoko du hilabete bakoitzeko. Izena emateko epea apirilaren 25ean amaituko da. Informazio gehiago: 943 474 447 (URRATS euskaltegia, Olga) edota www.egonaldiak.net atarian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!