"Marizulo" herri ikuskizunean parte hartzea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 10a, 13:42

Apirilaren 3an egin zen Marizulo herri ikuskizunerako kastinga. Haurrekin batera, batez ere emakumeak hurbildu ziren deialdira. Parte hartzeko aukera dago oraindik. Antolatzaileek azpimarratzen dutenez, gizonezkoen premia dago.

MARIZULO, Urnietako kondairaren istorio musikatua izenburupean, Txanbolin Txistulari Banda, herriko zenbait kultur taldeekin batera, ikuskizuna prestatzen ari da. Udazkenean estreinatuko den herri ikuskizunerako, adin guztietako aktoreen bila dabiltza antolatzaileak eta, hala,  joan den ostegunean (apirilaren 3an) kastinga egin zen Sarobe Arte Eszeniko Gunean, arrakastaz egin ere. Gaztetxoak alde batera utziz gero, guztira, zazpi  helduk eman zuten izena, gehien-gehienak andrezkoak. Txanbolin Txistulari Bandakoek adierazten digutenez, oraindik ere izena eman liteke ikuskizunean parte hartzeko eta horretarako Sarobe Arte Eszeniko Gunera deitu behar da (943008042). Abian, entsaioak ostiral arratsaldez izango dira eta, antolatzaileek azpimarratzen dutenez, gizonezkoen premia dago batez ere. Parte hartu ahal izateko, seriotasuna eta gogo pixka bat besterik ez dira eskatzen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!