Nerea Arruti Urnietako judoka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 20:56

Portugalen jokatu berri duen txapelketan, Europarako txartela eskuratzear izan da Nerea Arruti Urnietako judoka. Jaioterrian hasi zen Marijo Sardon irakasle zuela. Egun, Usurbilgo Judo Klubeko kide da. 18 urte ditu eta dagoeneko makina bat meritu lortutakoa da.

Espainia mailako txapelketan lorpenen bat, horixe zen zeure aurtengo erronka. Bete al da Madrilgo txapelketarekin?
Nerea Arruti:
Bete zen gutxi gorabehera. Hirugarren postua ondo dago, baina lehen bi postuetan sailkatuko nintzela pentsatzen nuen. Azkenean, hirugarren geratu nintzen, nire erruagatik, akats batengatik izan zen. Baina ondo dago.

Portugalen egon berri zara eta  ia Europarako txartela eskuratu duzu?
N.A.:
Borrokaldi bat irabazi nuen eta bi galdu. Europa mailan jolasteko lehen hiru postuetan sailkatu behar nuen. Beste borrokaldi bat irabazi izan banu, finalean izango nintzen. Baina azkenean, ezer ez. Ia 23 urtez azpikoen mailan zerbait egiten dudan.

Orain arte jorratutako bidea, ordea, positiboa izan da?
N.A.:
Bai. Gainera, lehen borrokaldian bigarren postuan sailkatu zen aurkariari irabazi nion. Baina gero, berak jarraitu eta hirugarren geratu zen.

70 kiloz azpikoen artean jokatzen duzu. Pisu tartearen arabera, lehiakortasuna aldatuko da?
N.A.:
48 kilotan jende ona dago, maila handikoa. Nire ustez, hor daude indar gehiago duten neskak. Nire pisuari dagokion maila ere ona da.

Marijo Sardonek zerikusi handia izan du zuk judo munduan jarraitzearekin?
N.A.:
Bai. Berak esan zidan Usurbilgo judo klubera joateko. Urnietan nenbilela, gainerakoak gazteagoak ziren. Horregatik, Marijok Usurbila joateko eta berarekin entrenatzeko esan zidan.

Nola gogoratzen duzu hasiera hura?
N.A.:
Nik ez nuen joan nahi. Nik baleta egin nahi nuen, baina hemen horretarako aukerarik ez zegoen. Gurasoek esanda hasi nintzen judoan. Kirolen bat egiteagatik. Marijosek esaten zidan, negarrez hasi nintzela, ez nuela joan nahi. Baina gero gustura joaten nintzen.

Berez, kirol gogorra da?
N.A.:
Ordu ugari eskaini eta teknika asko landu behar da. Borrokaldietan, lauzpabost minutuak laster pasatzen direla dirudite. Baina ez. Topera ibili behar duzun bost minutu dira. Teknika handia behar da. Giltza asko jakin behar dituzu. Urduri ez jartzea une horietan garrantzitsua da. Akats batengatik guztia gal dezakezu.

Judoan beste kiroletan baino orekatuagoa da neska eta mutilen parte hartzea?
N.A.:
Usurbilen neskak asko gara, orekatua da. Baina gero, Gipuzkoa mailako txapelketatan ikusten dira ezberdintasunak. Neskak entrenatzera joaten dira zerbait egiteko, baina gero ez dute lehiatzen. Nire pisuan Gipuzkoa mailan gehienez bost izango gara. Mutilen kasuan, asko daude.

Horrek zuei lehiatzeko aukerak mugatuko dizkizue?
N.A.:
  Espainia mailara joandakoan. Hemen bi borrokaldi egiten dituzu eta han sei egin behar. Aldea dago.

Lehiatzen daramatzazun urteetan, une on bat?
N.A.: 
Duela bi urtekoa. Espainiako selekzioarekin Portugalera joan nintzen. Han, lehen postuan sailkatu nintzen.

Entrenatzaile lanetan ikusten al duzu zeure burua?
N.A.:
Ez. Orain laguntzen ibiltzen naiz. Beste gauzetan aritzea hobeto. Ikasleek ez badidate kasurik egiten, urduri jartzen naiz. Ezin dut. Hobe beste zerbait egitea. Baina judoan jarraitzeko asmoa badut, noiz arte ez dakit.

Judoak non du enkantua?
N.A.:
Judo probatzeko polita da. Kanpora joateko eta mundua ezagutzeko ondo dago. Animatu!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!