Asentxio Iguaran misiolaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 20:51

Berrogeita bi urte daramatza Asentxio Iguaranek misiolari lanetan. Berak proposatuta bidaliko da jasotako laguntza Etiopiara.

Malin zaude, baina laguntza Etiopiara doa. Kontaiguzu nolatan bideratu den bertara doan laguntza hau?
Asentxio Iguaran:
Gurekin dago lagun Andreas. Lau hilabete daramatza gurekin. “Aita Zuriekin” lan egiten du berak Etiopian. Hernaniko “Aita Zuri” bat, Anjel Olaran berarekin dago. Anjelen lagunen bidez, eskatzen ziguten ia hona etortzerik izango ote zuen Andreasek, Nafarroara. Buruko minbizia baitzuen eta ebakuntza egiteko. Jada ebakuntza egin diote. Oso ondo jarri da eta datorren astean hara itzultzekoa da. Dirua niri eman nahi zidaten Malirako, baina neronek proposatu nien laguntza Etiopiara bidaltzea. Etiopian ere behar handia dago, lan handia egiten ari dira eta, bertako umezurtzekin.

Mali, Etiopia… Herrialde behartsuak.
A.I.:
Etiopia aldean batez ere ihesa asko zabaldu da. Andreas dagoen lekuan 30.000 herritar bizi dira. Horietatik 1.500 umezurtzak dira, batez ere, ihesak jota umezurtz geratu direnak. Jangela dute. Ume bakoitzaren beharrak asetzeko 18 euro behar dituzte hilean. Hernanin elkarte bat dago, Jangela izenekoa. Diru asko biltzen dute bertara bidaltzeko. Hemen bildutakoa ere laguntza hari erantsiko zaio.

Zu artean, Malin ibilia zara misiolari gisa?
A.I.:
Donostiako seminarioan hasi nintzen ikasten. Hara etortzen ziren Afrikako misiolariak, “Aita zuriak” deitzen zaienak. Haiek hango beharrak erakusten zizkiguten. Orduan nik hemeretzi urte nituela, filosofia bukatuta Afrikako misiolari izatea erabaki nuen. “Aita zurien” taldean sartu nintzen. Teologia ikastera joan nintzen, Tunezera. Eta Malira 24 urterekin joan nintzen. 42 urte daramatzat bertan. Azken txanda honetan osasunez nahiko gaixo nenbilen malariarekin. Urtebetez hemen geratzea eskatu nuen, pixka bat bizkortzeko. Hiru urtez geratzeko esan zidaten. Bi urte bete ditut eta berriz ere hasi naiz harantza begira, datorren urtean berriz ere hara joateko asmoa dut. Merezi du hangoei laguntzea, behar asko baitaude. Zuk ere asko irabazten duzu, haiek ere asko ematen dizute eta. Nire burua eta bihotza berriz ere harantz begira jarriak dira.

EGUBERRIAK ETA SANTA ESKEA
Urtero eguberrietan eta Santa Ageda bezperan kantatzera irteten den herritar taldeak, dirua biltzen du. Eta jasotakoa beharrean diren munduko txoko ezberdinetara helarazten dute. Aurtengoa Etiopiara bideratuko da, azken hilabeteetan gure artean izan den Andreas Melhinen bidez. Bera etikako irakaslea da Etiopiako Tigray zonaldeko eskola batean. 30.000 herritar bizi dira inguru hartan; haietatik 1.500 umezurtzak dira. Bildutako laguntza eman zioten Melhiniri, Udalak deitutako ekitaldian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!