Urkiren XX.urteurrena, oparoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 20:48

Ezin diztira gehiago eduki Urki Dantza taldeak bere XX. urteurrena zela eta antolatu zuen ekitaldi sortak. Dantzarien kolorez jantzi ziren Andoaingo bazterrak aurreko aste buruan, eta begi bistan geratu zen Urki taldea eta euskal folklorea herri honetan zenbateraino dauden sustraituta, eta zein etorkizun oparoa daukaten biak elkarrekin, bata bestearen arrimuan.

Ekitaldiak, Basteron jarri zen jantzien erakusketarekin eta hitzaldiarekin hasi ziren, ostiralean. Dantzazale ugariren aurrean, Juan Antonio Urbeltz folklore ikerlariak eta herriko seme Iñaki Arregi dantzari finak Ezpatadantza hartu zuten hizpide. Lehenak, ezpata dantza anitzak errepasatu eta gero, azken urtetan zabaldu duen tesia garatu zuen. Horrela, bere iritzirako euskal dantza gehienen atzean nekazal giroko gizarteek intsekto uzta hondatzaileak uxatzeko egiten zituzten erritualak ikusi behar dira. Ezpata dantza bera ere, gerra dantzen metafora baino, eulien kontrako indar erakustaldia litzateke beraz.
Arregik bere aldetik, ume zela Goikoplazan lehenbiziko aldiz ezpatadantzariak ikusteak eragin zion lilura deskribatu zuen. Hiru arrazoi aipatu zituen dantza hori goresteko: lehena, ariketa fisikoa ez baizik eta protokolora eramandako errito zoragarria izatea; bigarrena, modu indartsuan, sakonean eta arrazionalizatuan dantzatzen dela; eta hirugarrena, herri bezala daukagun ondare biziaren erakustaldi gisa agertzen dela.
Azkenik, Urbeltzek zein Arregik bertaratu ziren Urkiko kideak animatu zituzten, aurrera egin dezaten Ezpatadantza Andoainen errotzeko daukaten asmoarekin. Dena esatera, Urki buru belarri dabil Santakrutzetan banderaren jaitsierarekin batera dantza hori egiteko prestaketekin.

Dantza eta dantza
Larunbatean, eguerdi partean, dantzari txikien erromeria ikusi ahal izan genuen, kaleetan zehar. Arratsaldean, berriz, ekitaldi nagusia heldu zen: dantzari nagusiek Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzekin osatutako ikuskizun zoragarria eskaini zuten. Egitaraua honakoa izan zen: “Ezpata dantza”, “Soinu zaharrak”, “Eltziegoko dantzak”, “Bizkaiko dantzak” (Agintariarena, Launako eta Txankarrenkoa), “Arratiako jota eta arin-arina”, “Otsagi”, “Jaurrieta”, “Xiberoko Bralea” eta “Behe Nafarroako Ihauteria”. Dantzariek taldeko betiko musikarien doinupean jardun zuten. Batzuk zein besteek Bastero lepo jarri zuten ikuslegoa asebetetzea lortu zuten.
Goizetik mezak eman zion hasiera, azkenik, igandeko jardunaldiari. Aipatzekoa da Ezpatadantzaren erakustaldia egin izana bertan. Goikoplazan, segidan, dantzari gaztetxoenek kale jira alaitsua burutu zuten; “Txulalai”, “Saint Petit”, “Ay, Ixabel” eta “Soka Dantza” dantzatu zituzten besteak beste. Eguerdiko saioari amaiera emateko, umetxoek, helduek eta gurasoek denek “Ingurutxo” erraldoia dantzatu zuten.     
Ondoren 200 bat lagun bazkaritara joan ziren, Arrateko azpikaldera. Mahaiko kontuak eginda gero, berriz, erromeria ospatu zuten, Nafarroa Plazan. Txistulariek hartu zuten bertaratutako guztien gorputzak astinarazteko lana.
Poza azaldu du Josema Setien antolatzaileetako batek ekitaldien balorazioa eskatu zaionean. Bi arrazoi direla medio: euskal dantzak belaunaldi ezberdinak batu izanagatik eta Urkik herriaren babesa jaso izanagatik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!