Hiri Antolamendurako Plan Nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 20:47

EAE-ANV eta UDA alderdien iritzia:

UDA
2007ko maiatzaren 5ean Urnietako Udalak Hiri-antolamendurako Plan Nagusiari (HAPN) hasierako onarpena eman zion. 2007ko ekaina eta uztailean alegazioetarako epea zabaldu zen.
Plan nagusi hauek onartzeko beharrezkoak diren izapideetan bada garrantzia handiko gai bat: Herritarren parte hartzea. Hau, gaur egun herritarrek legez onartua daukaten eskubide bat da.
Geurea bezalako herrietan, 7000 biztanletik beherakoak, herritarrek prozesu honen aldi bakoitzean entzunak izateko eskubidea dute, nahiz eta azken erabakia Udala osatzen duten zinegotziez eratutako Udalbatzaren esku egon.
UDAn, aurreko legegintzaldian parte hartze hau ez zela behar bezala bermatu uste dugu eta herritarrek edo erakundeek parte hartzeko interesa agertu zuten. Gai haiek erabat ezeztatu ziren azaltzeko aukerarik eman gabe. Honen ondorioz, alegazio epe barruan erakunde edo gizabanako horiek zilegi zeritzoten alegazioak egiteari uko egin zioten. UDA ados dago herritarren iritziak dagokion tokia izan behar duenaren eta erabakitzeko ahalmena duten organoetan entzuna izan behar dutenaren iritziarekin eta bide horri jarraituz, prest dago bere esku dagoen guztia egiteko. Baina era berean badaki erabaki guztia ez dagoela bere esku. Izan ere, gainontzeko udal taldeak aintzat izatera behartuta gaude.
Lan honetan UDAk duen guztia jarriko du eta Urnietako herritar eta erakunde guztiei dei egiten die lanean hasteko eskatuz.
UDAk herritarren esku jartzen du alegazioak aurkezteko aukera, baliabide teknikoak eta alegazioak egin eta aurkezteko aholkularitza eskainiz. Batez ere, aurkezten digutena guztion onurarako dela irizten badiogu, nahiz eta UDA bere edukiekin ados ez egon, izan ere, horrela ondoren etorriko den eztabaida aberastuko baitugu. Horretarako jar zaitezte UDAko edozein kiderekin harremanetan. Urnietako herritar guztiak animatu nahi ditugu, merezi du eta!!

EAE-ANV
Herriarentzat hain garrantzitsuak diren arau batzuk, lasaitasunez osatu behar direla uste dugu. Herritarrei informazio egokia eman eta parte hartzeko aukera egokia eskaintzea ezinbestekoa da. Horretarako behar den denbora hartu behar da.
Abiapuntua okerra da gure ustez. Aurreko legealdian onartutako arauak hartzen dira oinarritzat eta horiei alegazioak aurkezteko aukera mugatua eskaintzen da soilik. Nolako herria nahi dugun eztabaidatu eta erabakitzeko aukera izan beharko genuke herritarrek eta ez egindakoaren gainean alegazioak aurkeztekoa soilik.
Alegazioak osatu eta aurkeztea gainera, oso gai tekniko eta konplexua da. Gure ustez, teknikarien laguntza, aholkua, iritzia, ikuspuntua uneoro eskura izan beharko litzateke. Oso garestia dela kontuan izanik gainera, Udalak, baliabide pertsonal, material eta ekonomikoak eskaintzea egin dezakeen gutxienekoa da. Gainerakoa oztopoak jartzea da.
Horixe egin du hain zuzen Udalak eta gobernu batzordeak orain arte; oztopoak, trabak jarri behin eta berriz.
Bi hilabeteko epea ez da denbora nahikoa. Kontuan izanik Udalak ez duela ekimenik abiatu lehen hilabete osoan, are eta gutxiago. Joan den astean izan zen lehenengo bilkura alkate eta herritarrekin. Udalaren aldetik ordea, ez dago inolako dinamika, planteamendu eta edukirik.
Argi esaten dugu; horrela ezin da halako prozesu bat garatu, ezta bideratu ere. Prozesu parte hartzaile bat behar da. Udaletik bideratu eta herritar guztiei irekia egongo den prozesu dinamiko eta progresiboa. Eztabaida eta iritziak jasotzea lehenetsiko duena. Kaltetu asko daude eta zer nola eragingo dien jakin behar dute. Udalak kontuan izan behar ditu. Denok daukagu eskubidea gure herria nolakoa izango den erabakitzeko. Hau guztia, Udalak bideratu eta ziurtatu behar du. Teknikoki eta juridikoki.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!