Iñaki Olazabalek eginiko artelana Batzar Nagusietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 20:45

Gipuzkoako Batzar Nagusietan biolentziaren biktimen oroimenezko eskultura inauguratu zen pasa den apirilaren 3an. Iñaki Olazabal andoaindarra da bere egilea.

Definituko al zeniguke eskultura?
Iñaki Olazabal.
Eskultura multzoa da, zinka erabiliz eginiko hiru piezek osatua. Hiru metrokoak dira eta elkarri begira daude. Sufrimenduaren aniztasuna adierazi nahi da; alegia, biktima mota ezberdinak jasan dituzten pertsona ezberdinek elkarri begiratzen diotela eta euren artean komunikazioa sortzen dela.

Gauza bat eskultura maketan sortzea da, eta bestea bere leku errealean kokatzea. Gustura, nola geratu den ikusita?
I.O.
Oso ondo funtzionatzen du, etxean aurrez pentsatua baino hobeto esango nuke. Batzar Nagusietako eraikuntza dena lerro zuzena da. Arkitektura garaikidez markatua dagoen inguruan sartzen da eskultura beraz. Eskultura, hausnarketa eragin nahi duen osagarri gisa hartu behar da espazio horretan. Hori guztia, ikuspegi plastiko zein estetikotik ikusita.

Biktima guztien omenezkoa dela esan arren ofizialki, adibidez, Andoaingo biktima batzuei protagonismoa eman zaie inaugurazioan, eta besteak gonbidatu ere ez dira egin. Zer diozu horren gainean?
I.O.N
orberak edukiko du nahi duen iritzia, baina gauzak dira diren bezala. Ni asko gogoratzen naiz Jose Ramon Ansarekin, adibidez, etxera zihoala hil zutena. Ez hori eta ez beste ansatarra ez ziren ETAko militanteak. Kontu zaharrak dira, bai, baina gogoratzen naiz aldi berean, oraindik desagertua dagoen Perturrekin; bere gurasoak oraindik non den galdezka dabiltza eta ez dute tokirik loreak uzteko. Horiek ere ez zeuden. Asko hitz egiten da desagertuetaz eta orduan Txile edo Argentina aipatzen dira… baina hemen Pertur eta gehiago daude oraindik desagertuak.

Alde horretatik onartzen dut hutsune asko dagoela. Nik eskultura lanean ikusten dut, hutsune horiek betetzen. Eskulturaren lema ofizialak biktima guztiak aipatzen ditu, eta alde horretatik hemendik aurrera hasten da eskultura lanean, lema hori egia bihur dadin. Hemendik hamar bat urtera edo, eskulturak oraindik zentzu handiagoa edukiko du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!