Ordezkari hautaketa Kutxarako

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 13:57

Aste hasieran izandako ezohiko plenoan Kutxako Administrazio Kontseilurako ordezkariak hautatu behar zituen udalbatzak. Bi motatakoak; bat, Urnietaren izenean joango dena Kutxara. Bestea, Gipuzkoako beste hiru herrirekin bat eginda aukeratutako ordezkaria izango da.

Aurreko osoko bilkura batean Udalak Kutxako Administrazio Kontseiluan ordezkaritza izateko Gipuzkoako beste hiru herrirekin bat egitea onartu zuen gehiengoz. Orio, Ordizia eta Segurarekin hain zuzen. Elkartze hori onartuta, orain ordezkaria hautatu behar. Aipatu lau herriak ordezkatzeko Arantxa Gonzalez anderea proposatu zen pasa den apirilaren 7an izan zen ezohiko udalbatza saioan. Eta baita onartu ere, bere alde lerrokatu baitziren UDA eta EAJ-PNV, aurka PSE-EE eta EAE-ANV-ko ordezkariak abstenitu ziren.

Urnietak bi ordezkari
Saio berean jakinarazi zenez ordea, Kutxako Administrazio Kontseilurako bigarren ordezkari bat ere hautatu beharra dago. Hain zuzen, Urnieta ordezkatuko lukeen pertsona bat. Albisteak ezustean harrapatu zituen udal ordezkari bat baino gehiago. UDA-tik Mikel Izagirrek argitu zuenez azken unean izan zuten horren berri. Eta gaiak presa zuen, hurrengo egunerako udalbatzak jada pertsona bat hautatua izan behar baitzuen. UDA-k titular gisa Javier Carcedo proposatu zuen eta Ramon Goikoetxea ordezko gisa. UDA-k eta EAJ-PNV-k alde bozkatu zuten. PSE-EE eta EAE-ANV abstenitu ziren.

Baina ez ziren izan aurkeztutako hautagai bakarrak PSE-EE-ren izenean, bozeramaile Herme Gonzalezek bere taldeko bi zinegotzi, Consuelo Frutos eta Nerea Sayavera aurkeztu baitzituen, ordezkari eta ordezko gisa. Sozialisten babesa jaso zuen proposamenak, gainerakoak abstenitu baitziren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!