Film laburrak Basteron eta Atxulondon

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 12:34

Euskarazko zinea ikusteko aukera bikoitza: Apirilaren hamazazpian Andoainen eta hogeita bostean Zizurkilen.

Apirilaren lehenean Topagunea euskara elkarteen federazioak Euskarazko Film Laburren V. Zirkuitua aurkeztu zuen Donostian. Zirkuituak hamar lanez osatutako film labur eta bideo lanen bilduma zabalduko du Euskal Herriko 38 herritan. Larramendi Bazkunaren ekimenez, eta Andoaingo nahiz Zizurkilgo Udalen laguntzarekin, eskualdean ikusi ahal izango da Euskal Herrian ekoizten den zinerik berriena.

SORTZAILE BERRIAK
Topaguneko kideek agerraldian adierazi bezala, “aipatu beharra dago aurten apustu berezia egin dela egile eta formatu berrien alde. Ondorioz, zirkuituan ‘beteranoak’ diren Koldo Almandozen eta Iñigo Kintanaren lanekin batera, bidea egiten hasi diren Gentzane Agirre, Mikel Alvarez eta Asier Mendoza, eta bideo-sorkuntzan esperimentatzen dabilen Logela Multimedia taldea ere gonbidatu egin ditugu aurtengoan”.


Film Laburren Zirkuituaren bidez, Topaguneak eta osatzen duten euskara elkarteek aukera ematen dute euskarazko film laburren produkzioa ezagutarazteko, eta, bide batez, herrietako kultur eskaintza aberasteko ere bai. Federazioak bere gain hartzen du filmak bilatzeko, aukeratzeko eta batzeko lana, eta gero aukera ematen die nahi duten elkarte guztiei euren herria zirkuituan sartzeko. Emanaldi kopuruak argi erakusten duenez, ekimenak oso harrera ona izan du: 38 emanaldi eskainiko dira Euskal Herri osoan.
Ikusleak eta egileak elkarrengana hurbiltzea ere bada helburuetako bat, eta hori dela eta, saio askotan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren.

Film laburren zirkuitua

EGUNA                         ORDUA          HERRIA          TOKIA
Apirilak 17, osteguna       19:30           Andoain         Bastero
Apirilak 25, ostirala         20:30           Zizurkil         Atxulondo
Maiatzak 4, igandea        19:00           Urnieta          Sarobe

 

Eskainiko diren  lanak:
>    Unrest 6’20’’ Gentzane Agirre
>    All about Eves 3’15’’ Gentzane Agirre
>    Azken trena 7’3’’ Mikel Alvarez
>    Columba Palumbus 4’ Koldo Almandoz
>    Momorro 6’’35’’ Asier Mendoza
>    Itzalak 14’ Iñigo Kintana
>    Ardauaren negarra 3’15’’ Logela Multimedia

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!