Trixkanetik Argentinara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 12:29

Lehendabiziko aldiz, duela sei urte joan zen Juan Tapia trikitilari asteasuarra Argentinako Euskal Astera. Geroztik, beste bi aldiz ere parte hartu izan du.
 

Ezusteko ederra hartu zuen Juan Tapia trikitilariak, Rosarioko Euskal Astean musika emanaldia eskaini ondoren, bertan bizi den asteasuar bat bere bila zebilela jakin zuenean: “Bi musika talde gonbidatzen dituzte Euskal Asterako eta haiek bazekiten Usurbilgo Zumarte musika eskolako kideak joatekoak ginela. Tartean asteasuar bat zegoela jakin zuenean, ni ezagutu nahi izan ninduen eta emanaldia amaitzean hurbildu egin zen. Sorpresa handia izan zen niretzat, horrenbeste kilometroko bidaia egin eta herritar bat topatzea. Hamazazpi urte zituela joan zen Argentinara, bertako sendagile batekin ezkondu eta han osatu zuen bere bizimodua. Denbora luzez aritu ginen hizketan, oso euskara polita mantendu du. Argazki bat ere atera genuen elkarrekin. Argazki hura eta bere jaiotetxeko argazkia bidali genizkion ondoren, eta poz handia hartu zuen. Oso momentu politak izan ziren”.

Trixkanekoa
Trixkane baserrian jaioa da Dorita Barrena. Kale Nagusian, Patxine tabernaren parean zegoen Trixkane. Baserri hura bota eta etxebizitzak egin zituzten bertan. “Marijuli Azkuek lan handia egin zuen. Trixkaneko argazkia lortu zuen eta gaur egungo etxebizitzei ere argazkia atera zien, Doritari eramateko. Ilusio handia egin zion bere jaiotetxearen irudia jasotzeak”, dio Juanek.


Doritak Rosarion emandako sorpresa ordea, ez zen horretan geratu, izan ere, San Pedro jaietan, bere ikasleekin batera musika kalejira egiten ari zela, Dorita bera hurbildu baitzitzaion Juani: “Egun batzuk pasatzera etorri zen eta musika emanaldia zegoela jakitean, ni tartean ote nintzen begiratzera hurbildu zen. Sorpresa eta poz handia hartu nuen Dorita Asteasun ikustean. Hizketaldi luzea egin genuen eta handik egun gutxira, Argentinara itzuli zen berriro”. Doritaren senarra sendagilea da: “Soldata polita du eta bizimodu ona egiten dute, baina Argentinatik ateratzea oso garestia da haientzat, txanpon aldaketa oso gaizki ateratzen zaielako. Asko poztu nintzen hona bisitan etortzeko aukera izan zuela ikustean. Bera ere oso pozik zegoen, hemen gauzak hobetzen ari zirela iruditu zitzaiolako. Hori entzutea gustagarri izaten da beti”.


Bi anaia ditu Doritak Zumarragan. “Haiekin harremanetan jartzeko eskatu zidan Doritak, oso ondo zegoela esateko. Telefono bidezko harremana mantentzen dute eta Doritak berak ere esaten die ondo dagoela, baina kanpoko baten ahotik hori bera entzuteak lasaitasuna eman zien”.

Euskal aste oparoa
Argentinako herri ezberdinetan antolatzen dute Euskal Astea eta iaz, Rosarion egin zuten, bertako euskal etxeak antolatuta. Aste osoko egitarau oparoa antolatzen dute urtero, eta astebururako musika eta dantza ekitaldi mardulak egiten dituzte. “Euskal kulturarekin lotutako ekitaldiak egiten dira: hitzaldiak, dantza, musika..., azken hiru egunetan bertaratzen gara gu. Oso egun beteak izaten dira. Ostiralean bi musika emanaldi eta erromeria egiten dira, bi musika talde txandatuz. Larunbatean, berriz,, dantza ikuskizuna antolatzen da. Normalean musika CD batekin aritzen dira eta zuzeneko musikariekin aritzea, izugarri gustuko dute. Iazko saioa amaitutakoan, ikusleek, dantzariek..., zutik jarri eta txalo zaparrada eskaini ziguten. Zirrara handia sortzen dute horrelako momentuek, asko eskertzen dira. Gauean afaldu, eta erromeria egiten da berriro. Igandean kalejira egin eta elkarrekin bazkalduz ematen zaio amaiera Euskal Asteari”, azaldu du Juanek.


“Asko estimatzen dute hemengo musika. Afalondoren, musikariak eszenatokira igo eta soinua eskuan hartu bezain pronto, jendea dantzan hasten da. Ondo dantza egiten dute, gainera. Dantza irakasleak joaten dira hemendik noizean behin eta oso ondo aritzen dira. Hemen oso zaila da jendea mugiaraztea, han berriz, beti daude dantzarako prest”, dio Juanek. “Trikitixa, txalaparta, panderoa, partiturak nahiz ikasteko materiala utzi izan dugu han, baina instrumentu bat jotzen ikasteko, bertan irakasle bat izatea beharrezkoa da, eta asko saiatzen diren arren, ez da batere erraza zerotik hasi eta laguntzarik gabe ikastea”, gaineratu du.

Elkarren berri
Euskal Asteko ekitaldiak amaitu ondoren, bertako euskaldun eta euskalzaleekin biltzeko tartea hartzen dute: “Jende asko hurbiltzen zaigu. Argazkiak egin, nongoak garen eta noiz itzuliko garen galdetu eta batez ere, Euskal Herriaren inguruko galderak egiten dituzte. Jakin-min handia izaten dute. Egun gutxiko egonaldia izaten bada ere, gauza asko egiteko denbora ematen du. Entsegu eta emanaldiez gain, bertakoekin harremanetan egoten gara, han bizi duten egoera pixka bat ezagutzeko aukera izaten dugu eta haiek ere, Euskal Herriaren berri jakin nahi izaten dute. Oso nekatuta amaitzen dugu, baina gustura”.


“Duela sei urte joan ginen lehendabiziko aldiz. Orduan gaztetxoak zirenak antolaketa lanetan ari dira orain eta horrek poza ematen du. Gogo biziz lan egiten dute, nahiz eta egoera ekonomikoa ez den onena. Dirulaguntzak ezinbestekoak egiten zaizkie antolaketa lanak egiteko eta askotan, ez da nahi adina diru izaten, hala ere, argi esaten digute gogorik ez zaiela sekula faltako”, dio Juanek. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!