Apirilaren 14ko batzarrean eztabaidatuko dira aurrekontuak

Orotara lau milioi euro inguruko aurrekontua izango du Zizurkilgo Udalak 2008rako. Ubare auzoaren birmoldaketa lanetara bideratuko da aurrekontu horren zati esanguratsua.

Azken lau urteotako hildo berekoak izango dira 2008ko aurrekontuak ere, inbertsioa ardatz nagusi izango dutenak: “Zizurkil bezalako Udal batek hiru milioi euro inguruko aurrekontua izaten du normalean, baina Ubareko lanak direla eta, aurrekontu horietatik gora gabiltza azken lau urteotan. Izartu proiektua dela eta gertatu da igoera hori. Proiektu honen barnean Oria ibaiaren berbideratzea eta Ubare auzoaren birmoldaketa sartzen dira eta dagoeneko hiru urte dira lanen prozesua martxan jarri zela. Ziurrenik aurten amaituko dira lan horiek. Auzoan egin beharreko lanen esleipena egina dago eta zubi peatonal berria egiteko prozesua ere martxan dago. Dagoeneko lan horiek esleitzeko bete beharreko oinarriak prestatzen ari gara”, azaldu du Maria Angeles Lazkano alkateak.


Datorren urterako ere lan gehiago aurreikusi dute, izan ere, Asteasutik datorren errekarako prestaturiko proiektua martxan jarriko baita: “Eusko Jaurlaritzatik iritsi da Asteasuko errekaren berbideraketa eta egokitze lanak egiteko proiektua, baina ziurrenik datorren urtean izango da hori”.

Bidegorria
Ubare auzoko lanak amaitzen dituztenean, egina geratuko da bidegorri zati bat ere: “Asteasu eta Zizurkil batzen dituen bidegorria, Foru Aldundiko Plan Nagusiko bidegorri sarean sartzen da eta dagoeneko lanak oso aurreratuta daude. Hori amaitutakoan ikusi beharko da Zizurkil eta Villabona batuko dituen bidegorria nondik egingo den. Ubareko lanekin batera, zati horretako bidegorria egina geratuko da eta Pasus Enea inguruko etxeak eta gainerako lanak egiten direnean, zati hartako bidegorria ere egingo da. Momentuz, Asteasutik datorren bidegorria Benta ingurura bitarte iritsiko da”, azaldu du.

Diru gehiago ongizaterako
“Gainerantzean, betiko ildotik doaz aurrekontuak. Ongizateko partida igo egin da, beharrak geroz eta handiagoak direlako, baina hori azken urteotako joera da, beraz, hor ez dago aldaketa handiegirik”, dio Maria Angelesek.
Apirilaren 14ko Udal batzarrean onartuko dira aurrekontuak: “Apirilaren 7an egindako bileran aurkeztu genizkien aurrekontuak alderdi politikoei eta bakoitzak bere iritzia emateko aukera izan zuen. Aldaketa txiki batzuk ere proposatu ziren. Apirilaren 14ko batzarrean onartuko dira aurrekontuak. Oposizioko alderdiek ez dituzte onartuko, batzuek abstentziora joko dute eta beste batzuek, gustuko ez duten punturen bat aipatuz, ezezkoa emango dute. Astelehenean ikusiko da zer gertatuko den”.

Asteleheneko batzarra
Apirilaren 14an, iluntzean egingo den batzarrean eztabaidagai izango den beste gai bat herriko plazen izenen inguruan sortutako afera izango da. Fernando Mugika eta Miguel Angel Blancoren senideek salaketa jarri zuten martxoan 23an, herriko plazek Jose Luis Geresta “Ttotto” eta Joxe Arregi izenak dituztelako. Apirilaren 14ko Udal batzarrean eztabaidatuko da izena aldatu edo ez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!