Herritarren moda desfilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 12:25

Apirilaren 19an, moda desfilea antolatu dute Oria merkatal elkarteko hainbat merkatarik. Gurea antzokian izango da, 19:30etatik aurrera.

Moda desfilea antolatzeko ideia aspaldidanik zerabilten buruan Oria merkatal elkarteko hainbat merkatarik. “Elkarteko merkatari guztiak ez dira parte hartzera animatu. Denoi ongi etorriko zaigun ekintzaren bat antolatzea oso zaila dela uste dut. Batzuetan, gremio batzuei besteei baino hobeto etorriko zaie ekimena baina, era batera edo bestera, denok parte har dezakegula uste dut”, adierazi du merkatal elkarteko lehendakariorde Mari Jose Irazustak. Udaberri eta udako eskaintzen aurkezpena egingo dute oraingoan, “salmentak indartzea da egitasmoaren helburua”, elkarteko idazkari Alberto Cid-en esanetan.

Modeloak, herritarrak
Moda desfile batean modeloak beharrezkoak dira, “herritarrek egingo dute modelo lana, haurrek nahiz helduek. Mikel Pagadizabal eta Anjel Alkain izango dira aurkezleak eta Lain musika taldeak jarriko du doinua”, azaldu dute antolatzaileek. Bi orduko iraupena izango du desfileak eta sarreran tabernatxoa jarriko dute, edariak eskaintzeko. “Oraingoz O´baba tabernatik ekarriko ditugu edariak baina, beste tabernaren batek parte hartu nahiko balu, aukera irekia da”, gehitu du Alberto Cid tabernariak. Sarrera doan izango da, edariak ere bai eta desfilearen amaieran, saski eder bat zozketatuko da ikusle guztien artean. Ekimenaren antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete desfilea martxan jartzea posible egingo duten merkatari, aurkezle, musikari nahiz modeloei, “borondatezko lanaren emaitza izango baita”. Udalari ere eskerrak eman nahi dizkie, “eskainitako laguntzagatik”.

Parte hartzaileak
Anne, Idoia, Kuxkux, Sara eta MP arropa-dendak. Ifni eta Xarmant ileapaindegiak, CID bitxi-denda, Etxesagasti inmobiliaria, Soto elektrodomestikoak, Papertxulo liburu-denda, Pepi janari-denda, Begoñi eta Amaia arropa konponketak, Azkar zapata konponketak, Villabona optika, Izaskun oinetakoak, Guanabana eta Amane arropa eta bitxi-dendak, O´baba taberna, Ogigoxo okindegia eta Gema loradenda.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!