Onddolar plataforma, irtenbide bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 12:23

Duela lau urte, erraustegiaren aurka lan egiteko sortu zen Onddolar plataforma. Besteren artean, Xabier Alkorta, Pili Barroso eta Maite Martinez taldeko kide dira.

Hondakinen errausketaren aurka sortu zen 2008an Onddolar plataforma, “erraustegiak beharrezkoak ez direla uste dugu eta hasierako ideia horrekin, gero eta sinistuago jarraitzen dugu lanean. Zaborraren gaia lantzeko irtenbideak badaudela aldarrikatu nahi dugu”. Ideia horiek oinarrian, besteak beste, ingurugiroarekiko, biztanle nahiz animalien osasunarekiko eta bizitzeko moduarekiko kezka dute plataformako kideek.

“Kontsumismoarekin lotuta, gizarteak zabor-sortzaile izatea du ezaugarri nagusia”. Bi gai nagusi ditu ardatz Onddolar plataformak, “batetik plataformen koordinadorako kide gara eta bertatik antolatzen diren ekintza guztietan hartzen dugu parte. Ez dugu erraustegirik nahi, ez hemen eta ez inon, eta, gai horren inguruko arrazoibideak aurkeztu ditugu Eusko Jaurlaritzan edo Ingurugiro sailean. Bestetik, eskualdean ere lan egiten dugu”. Bihar, apirilaren 10ean Gurea antzokian antolatu duten hitzaldia da egiten ari diren lanaren emaitzetako bat. Bertan, Jordi Colomer ingurumen teknikaria, Imanol Azpiroz konpostaian aditua eta Julia San Jose medikuak erraustegiek herritarren osasunarengan dituzten eraginak azaltzeaz gain, Kataluniako herri askotan martxan dagoen eta Usurbilen abian jartzen ari diren atez ateko gaikako hondakin bilketa berritzailea eta konpostaiaren bidez lortutako emaitzen berri azalduko dute.

Herrian lanean
Villabonako, Larraulgo nahiz Asteasuko Udaletako hainbat zinegotzirekin bilerak egin dituzte. “Villabonako Udalean, atez ateko gaikako hondakinen bilketaren proposamena aurkeztu genuen, biztanle kopurua ikusirik, gertutik gertura, konpostaia planta eta garbigunea abian jartzeko aukera ikusten baikenuen, Usurbilen lantzen ari diren bezala”. Proposamen hori gertutik ezagutzeko aukera izan dute Udaleko hainbat kidek Katalunian, izan ere, bertan oso aurreratuta baitago gai hori. “Biztanle kopuru ezberdinetako herrietan atez ateko hondakinen bilketa nola gauzatzen den ikusi eta gero, badirudi baikor etorri direla”. Atez ateko hondakin bilketa ezberdina da herri bakoitzeko errealitatearen arabera, “egunero zabor mota ezberdina biltzen da eta organikoa jasotzeari garrantzia berezia ematen zaio, gehien sortzen den hondakina delako eta konpostatu eta gero, berrerabili egin daitekeelako”. Oria merkatal elkarteko kideekin ere harremanetan dabiltza, “plastikozko poltsak beharrean, paperezko edo materia organikozkoak erabiltzea da lantzen ari garen ideia”. Bestelako ideien artean, Agenda 21aren barruan, Udalak herritarren artean poltsa berrerabilgarriak banatzeko proposamena darabilte buruan.

Herritarrei gomendioak
Badituzte herritarrei zabaltzeko gomendioak, “inguruko Udalei gaikako zabor bilketa erraztea eskatuko genieke. Herritarrei, berriz, zaborra gutxitzea, berrerabiltzea, birziklatzea eta konpostaia egiteko zabor organikoa bereiztea”. Terreno txikiak dituztenek konpostaia egiteko aukera izan dezaketela diote, terrenorik ez dutenek, berriz, zailagoa dutela, “baina, zabor organikoa gainerakotik bereiztea guztiok egin dezakegu eta benetan garrantzitsua da hori”. Onddolar plataformako kideek herritarrak zoriondu nahi dituzte egiten ari diren ahaleginagatik, “jende asko ari da saiatzen eta bide horretan jarraitzeko deia egin nahiko genieke. Argi dugu norabide egokia hori dela eta erraustegia ez dela inondik ere osasungarria”. Herritarren ahalegina, ordea, nahikoa ez dela aipatu dute, “erakundeek erantzun egin behar dute. Egitasmoaren buru izan beharko lukete”.

Onddolarko kideak baikor ageri dira, “ikusi da posible dela, guztion artean egiten ari garela. Ikastetxeen bidez, zaborraren gaiaren inguruko kontzientzia gazteengan zabaltzea lortu behar da. Gure helburua, oraindik erraustegiak beharrezko direla pentsatzen duten pertsonengan jarri behar dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!