Igandean, Errepublikaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 12:21

Apirilaren 14a, data seinalatua izan ohi da: 1931-1936an, estatuan demokrazia ezarri nahi izan zuen II. Errepublika gogorarazteko eguna. Andoainen aurten apirilaren 13ra, igandera,  aurreratu dute ospakizuna.

Andoainen bi ekitaldien bitartez ospatzen da urtero egun hori. Kantu jira eta ondorengo bazkaria da bata, eta fusilatuen eskulturaren aurreko ekitaldia bestea. Biek ere, Errepublikak ordezkatzen dituen baloreak (berdintasuna, justizia, nazio eskubideen onarpena…) aldarrikatzea eta bera defendatu zuten gizon-emakumeei gorazarre egitea dute helburu.


Badira zenbait aste herriko zenbait musikari eta kantari  Gaztetxean entseguak egiten hasi zirela. Borroka kantu mordoa ondo ikasi ostean, 11:00tan ekingo diote kalez kaleko erromeriari. Eguardiko 12:00etan berriz, Oroituz-ek antolatutako ekitaldiarekin egingo dute bat. Ondoren kalejirarekin jarraituko dute, Kale Nagusiko bazkaria hasi bitartean.
Oroituz-ek 36ko fusilatuen familiarrekin eta frankismoko gainerako biktimekin du egitekoa ekitaldia Alfaro Plazan. Plazaratutako ohar baten bidez, talde honek herritar guztiei luzatu die gonbidapena omenaldira bertara daitezen. Aldi berean, Andoaingo Udal gobernuko PSE-EE alderdia kritikatu du gogorki, ezezko biribila eman diolako aurkeztu berri duen egitarauari. Hainbat ekitaldiz osatu dute aipatu egitaraua, Andoaingo biktimei protagonismoa emateko asmoz: antzerkia, argitalpen ezberdinak (aldizkaria, oroigarria…), hitzaldi sorta, omenaldiak…


Taldearen iritziz, “zinismo hutsa da” telebista eta prentsari begira Udalak egiten duen lore eskaintza. Gero, eguneroko jardunean bizkar ematen omen die andoaindar zapalduen oroimen historikoa berreskuratzeko ahaleginei, eta, egia eta justizia gauzatuta ikusteko horiei dagokien eskubideari.

Sartaguda
Oroituz taldeak, biktimekin hartutako konpromisoari eusten diola adierazi du azkenik, eta zenbait ekitaldi iragarri du:  Maiatzaren hamarrean Sartagudan inauguratzekoa den Memoriaren Parkera txangoa. Autobuserako izena emateko epea zabalik dago.
Maiatzaren 22an, berriz, antzerkia. Eta azkenik, hitzaldiak maiatzean zehar honako gaien inguruan: euskara eta hezkuntza Andoainen frankismo garaian, martxoaren 3ko Gasteizko hilketak eta trantsizioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!