Zenbait astetan telebistara itsatsita eduki gintuzun andoaindar asko. Kontaiguzu nolako bizipena izan zen lehiaketa…
M.D. Maialen Ipintza eta biok kastingera aurkeztu ginen Hernanin. Nahi genuena abesteko esan ziguten eta nik Ken Zazpiren Ilargia abestu nuen. Hurrengo egunean deitu gintuzten berriro Hernanin pare bat entsegu egin genitzan. Horien ostean etorri zen jada telesbistaren aurreko saioa. Lagunen artean zozketa egin ondoren lau lagun joan ziren nirekin koreografia egitera: Sheila Coelo, Alaitz Horrillo, Ana Hernandez eta Miriel Rojo. Aste osoko programa grabatu zen egun batean, eta sailkapeneko saioa gainditzea lortu nuen.
Azkenik, Donostian Gazteszenan finala jokatu genuen. Saio bakoitzean sailkatutako bi joan ginen; hamasei ginen guztira. Horietatik lau abeslari diska grabatzeko hautatuak izan ginen gero.
Pertsonaia ezaguna egingo zinen, telebistan hainbeste saioetan atera eta gero…
M.D. Pixka bat bai, egia esateko. Gazteszenako finala izan zen polita: hogei bat lagun joan ziren Andoaindik ni animatzera, pankarta eta guzti. Gero hurrengo egunean Urkiko entseguetara joan nintzenean, a ze lotsa, dantzari txikienak hantxe nituen zain, ilara eginez; autografoa nahi zuten. Bada jendea kalean begira-begira geratzen zaidana, eta lehengo batean, adibidez, Beasaingo gazte batzuk hurbildu zitzaizkidan “zu Maialen zara, ezta?” esanez. Udaleku, kanpaldi eta horrelakoetan ere, abesteko, dantzatzeko eta showa egiteko eskatzen didate beti. “Beste pixka bat, beste pixka bat, Maialen!”.
Zuretzat berria al zen kantuaren mundua, eszenategira igotzea?
M.D. Musika Eskolako abesbatza txikian ere abesten nuen lehen, eta bakarlari gisa ere aritua nintzen bertan. Gertatzen da gauza askotan sartua nabilela eta denbora faltagatik utzi behar izan nuela abesbatza. Dena den, solfeoa badut eta kitarra jotzen hasi naiz orain, ahotsari laguntzeko. Badakit zein zaila den kantuaren mundua, eta gustukoa ditudan gauzekin ondo pasatzea da nire asmoa orain.
Ez zara geldirik egoteko jaio...
M.D. Euskalduna futbol taldean jokatzen dut, Urki dantza taldeko dantzaria naiz, zeharkako flauta eta kitarra ikasten ditut Musika Eskolan, eta oraintxe funky dantza ikasten hasi naiz Bakartxorekin.
Egin kantu
“Egin Kantu” irabazi zuten abeslariek gero elkarrekin diska grabatzeko aukera izan zuten. Maialenekin batera, Oihan Larraza, Beñat Urkiola, Ane Gonzalez eta Telmo Idigorasek osatu zuten Irurako estudioetan aritu zen boskotea. Hamahiru abestiz osatzen den lanean, bost abestitan entzun daiteke Maialenen ahotsa. Batean bakarka, “Txanpon baten truke” (Alaitz eta Maider); bitan bikotearekin, Telmo Idigorasekin “Eskutitza” (Hemendik at) eta Oihan Larrazarekin “Ilargia” (Ken 7); eta beste bitan, azkenik, Ane Gonzalez, Beñat Urkiola eta Oihan Larrazarekin: “Ama, ohea ez dut egin nahi” (BT taldea) eta “Festazale.net” (Gazteok).
Diskoa iazko ekainean kaleratu zen. Grabaketa amaitu eta taldeak emanaldi bakarra eman du zuzenean: Betizu-k Bilbon osatu zuen urteroko festan, hain zuzen. Disko entzungarria grabatzeaz gain, gaztetxoei ikuskizun atsegina eskaintzeko gauza dela erakutsi zuen laukoteak, baina ez zaie beste kontzerturik eskaini Bilbokoaz geroztik. Atzetik etorri behar lukeen promozioaren falta antzematen da. Ahalegin izugarria egin zuten Maialenek eta kantakideek “Egin Kantu” lehiaketan, telebistako grabazio luzeetan. Zeukaten guztia eman zuten, ederki erakutsi zuten badutela artista sena, eta beharbada jaso dutena baino gehiago merezi zuten.