Lardi auzoa, atzo eta gaur

Lardi auzoa Aduna eta Andoainen arteko mugan kokatzen da. Bertan jaio zen Joxe Aburuza, Lardi-Txiki baserrian. Gertutik gertura azaldu du hainbat bizipen.

Jatorrizko lau baserri zeuden garai batean Lardi auzoan. Lardi: bi bizitzakoa, Osine eta Lardi-Txiki. Geroago, 50eko hamarkadatik aurrera, etxe gehiago altxatu zen: Lardi-Berri, Lardi-Ondo eta Osintxiki. Urte batzuk geroago Egiarte eta Lardi-Gain etxeak egin dira. Lardi auzoaren kokalekua berezia da oso. “Gure etxetik ehun metro baino gutxiagora Andoaingo muga egonagatik, Lardi auzoa Adunakoa da. Hala ere gaztetxotan, Sorabilla edo Andoainera joaten ginen beti. Ez baikeneukan Adunara joateko biderik: gurdi-bide txar bat besterik ez. Bide horiek oinezkoentzat oso seguruak ez zirenez, guraso gutxi batzuk bidezidorretatik joaten ziren herrira eta iritsitakoan, oinetakoak aldatu behar izaten zituzten”, azaldu du Joxek. Adunarra izan arren, gaztetxotan ez zuen Adunarako joerarik, “eskolan ere ez nintzen sekula Adunan ibili. Lardi auzokoak denak Andoainera joaten ginen; Sorabillako eskolara erretorearekin lehenengo eta Andoaingo La Sallera gero”. Kontu bitxia; auzotik herrira joateko zailtasunengandik, ondoko herria gertuagokoa zuten Lardi auzoko adunarrek; “hara, nik bizikleta hartuta ere ez neukan Adunara joaterik, bizkarrean eraman behar nuen bestela. Lagunak ere Sorabillakoak nituen Adunakoak baino gehiago. Zortzi urtetik aurrera, elizara ere denak Sorabillara joaten ginen. Herrira ez zen inor igotzen hemendik”.

Breazko bidea 1983an
Lardi auzotik Adunara 1983 urte inguruan egin zuten breazko bidea. “Aurretik, 1970 urtean, kutxararekin txukundu eta hartxintxarra bota zuten. Muebles Aduna dagoen inguru horretan bizikletaz ibiltzeko moduko bidea zegoen. Atxurrean eta auzolanean hor aritzen ginen. Baina hortik gora hasten zen gurdi-bide txar hura”. Sorabillatik Adunako zubira doan bidea 1977an egina da. Bideen berri ez ezik, ura Adunara noiz iritsi zen ere ondo gogoan du Joxek, “1948 urtean ekarri zuten ura Adunara. Alkateak deituta, herritarrak auzolanean aritu ginen eta denak lan eginez ekarri zen. Bitartean, baserri azpiko errekatik ekartzen genuen ura eta arropak labaderoan garbitzen genituen. Aurretik, Lardi baserrikoek 1932 urtean ekarri zuten ura”. Argindarra beti izan zuten etxean. “1957 urtean jarri zituzten Ibedrolako posteak, 18 urte nituela. Altako posteak ziren haiek, indarra urrutira pasatzen zutenak. Materialak astoarekin ekartzen zituzten. Bata besteari erantsita, zortzi asto ibiltzen zituzten gora eta behera hondarra ekartzen”.

Baserriko lan gogorra
1936 urtean jaio zen Joxe, sei anai-arrebetan bigarrena. “Bost urterako hasi ginen etxean lanean. Bateko egur txikitzea zela, besteko urak ekartzea zela, astoarekin jatenetan ibiltzea zela… Orain asko aipatzen da hirugarren mundua. Orduan hemen denak izaten ziren hirugarren mundukoak. Eskolatik etorri eta segidan lanera. Ez zen jolaserako tarterik izaten eta anai-arreba zaharrenek gazteagoei laguntzeko lana hartu behar izaten zuten. Eskolatik gazterik geratu nintzen; anai-arreba zaharrenok 11 urtetik 12ra utzi genuen eskola, baserrira lanera etortzeko”. Atzoko eta gaurko baserria zeharo aldatu dela uste du, “orain ia inork ez du baserrian lanean jarraitzen. Gaur egun ez du konturik ematen. Lehen etxean egiten zenarekin pasatzen ziren denak, kanpora lanera atera gabe. Baserri guztietan ateratzen zen esnea edo beste zerbait”.

Lardi auzoan berrikuntzak
Gainaldean Aduna eta azpialdean Andoain dituela, askorentzat auzo ezezaguna da Lardi. Leku lasaia eta bildua. Duela denbora gutxi amaitu dituzte hainbat berrikuntza eta txukun eta eroso geratu da. Joan zen martxoaren 23an Aberri eguneko jaialdiarekin inauguratu zuten. Argiak, iturria, espaloiak, aparkalekua, gasa, bereiztutako zabor bilketako lau ontzi eta eserlekuak jarri ditu Udalak. “Bidea ere berritu egin dugu, putzu asko sortzen baitzen lehen”. Berrikuntza horiek guztiekin auzoa txukunago geratu dela azaldu du Arantza Aburuza alkateak, “zerbitzu gehiagorekin”. Pilotalekua ere bada, “1972 urtean eraiki zuten. Pribatua zen lehen baina, Udalari utzi die orain. Auzo hau urbanizatzeko asmoa aspaldidanikoa zen arren, orain lortu da lanei bukaera ematea. Arazoak izan dira eta lur zati bat desjabetu egin behar izan dugu lanei amaiera eman ahal izateko”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!