Eragozpenak saihestuz, aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 12:16

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak urteko Biltzar Nagusia egin zuen joan den larunbatean, apirilaren 5ean, Andoaingo Bastero Kulturgunean, jarraian horri amaiera emanez Buruntza auzoko Gaztañaga sagardotegian egin zuten bazkariarekin.

Goizeko hamar eta erdietarako bertaratu ziren Basterora bazkideak eta arratsaldeko ordu bata eta erdietan eman zioten amaiera Biltzarrari. Nolanahi ere, bazkarian zehar luze eta zabal hitz egin zuten Biltzarrean azterkizun izan zuten gai nagusiaz: Kultur Fundazioa sortzeko urratsekin jarraitzeaz.


Biltzarreratutako bazkideek lehen-lehenik 2007. urteko lan-jarduna eta dirukontuak aztertu eta onartu zituzten. Jon Unanue, Larramendi Bazkuneko lehendakariak egin zuen 2007. urteko lan-jardunaren balantzea eta Arantxa Urkizu idazkari teknikoak eman zuen dirukontu guztien berri. Larramendi Bazkunak 2007. urtean burutu zuen lan-jardun zabalean 397.134.05 e gastatu zituen (66.077.546,04 pta.). Dirutza hori Aiurri aldizkariekin, 111 Akademia eta Beterriko Liburuarekin, Erretratu zaharren liburuekin, Euskal Herrian Barrena egitarauarekin, Saiakera bildumako liburuekin, Algodonerako emakumeei egindako omenaldiarekin, Kulturen Arragoa egitarauarekin, Iñistor jaiarekin, eta beste hainbat ekintzarekin gastatu zuen. Baina gastu zehatzak azaltzearekin batera,  Unanuek 2007. urtean bi jarduera edo gai nabarmendu nahi izan zituen bereziki: batetik euskalgintzarako fundazioa sortzeko urratsak eta, bestetik, Aiurri aldizkariak –hamaboskaria Beterri-Aiztondon eta astekaria Beterri-Buruntzan– finkatzeko eta hobetzeko martxan jarri zituzten lanak.


Fundazioa
Zalantzarik gabe, fundazioaren gaia izan zen gehien eztabaidatu zena, baita bazkarian ere. Larramendi Bazkunak 2007. urteko hasieran, euskalgintzarako fundazioa sortzeko proposamena egin zien eskualdeko sei udalei eta, bigarrenez, Gipuzkoako Foru Aldundiari. Lehenengo erantzuna Larraulgo Udalarena izan zen, ezezkoa emanez proposamenari nahikoa dirurik ez zuelako Fundazioan sartzeko. Gainerako udalen aldetik Andoaingoak baietz erantzun zion, baina baldintza batekin, gutxienez eskualdeko beste hiru udal nagusiek ere (Amasa-Villabona, Zizurkil eta Asteasuk) baiezkoa eman zezatela. Beste udalek ez zuten berehalakoan erantzun: behin udal hauteskundeak pasata Zizurkil, Asteasu eta Adunako Udalek elkarrekin eman zuten erantzuna: hiru udalek ezezkoa esan zioten Larramendi Bazkunari, ez zutela aukerarik ikusten euskalgintzarako fundazio hori sortzeko.

Nolanahi ere,  Biltzarrea zalantzak sortu ziren erantzun hori udal bakointzean Osoko Udalbatzak hartua ote zen argitzeko garaian, legez osoko udalbatzari baitagozkio gai horiek. Beraz, oraingoz erantzunik eman ez duen bakarra Amasa-Villabonako Udala izan da. Gainera, udalen jarrera hori ikusita Gipuzkoako Foru Aldundiko agintari berrien jarrerak ere aldaketak izan ditu: Markel Olanok fundazioaren aldeko urratsak emango zituela agindu zuen arren, azkenik, atzera egin du Foru Aldundiak, besteak beste udalen jarrera hori ikusita. Gainera, fundazio horren egoitza eta beste hainbat zerbitzuena jasotzeko xedez Larramendi Bazkunak landu duen Irigoienazpikoa etxearen proiekturako ere Foru Aldundiak dirulaguntza ukatu egin die Andoaingo Udala eta Foru Aldundiari.


Horren aurrean etsita azaldu zen Jon Unanue biltzarrean, eta bazkideei fundazioaren etorkizunaz galdetu zien. Batzartutakoen erantzuna erabatekoa izan zen: euskalgintzaren behar eta premiak oso garbi azaldu dituela Larramendi Bazkunak eta ez duela atzera egin behar, eta aho batez erabaki zuen Euskalgintzarako Larramendi Fundazio egitasmoarekin aurrera jarraitzea, besterik ez bada huts-hutsik Andoaingo Udalarekin, eta eskualdeko herrietan ekinaldi berezia martxan jartzea euskalgintzak behar duen babesa izan dezan. Beraz, Larramendi Bazkunak Andoaingo Udalari fundazioarekin  aurrera egitea proposatuko dio hurrengo egunetan.

Irigoienazpikoa
Irigoienazpikoa euskalgintzaren etxeari buruz, hori finantzatzeko Biltzarrak bide berriak zabaltzea aztertu zuen, eta alderdi politikoen aurrean eskakizun irmoa aurkeztea Gipuzkoako Foru Aldundia 2008-2011 aldirako lantzen ari den Inbertsio eta Kudeaketa Aparteko Aurrekontuan jaso dezaten Irigoienazpikoa proiektua.
Biltzar Nagusian, azkenin 2008. urteko lan-egitarauak eta aurrekontuak onartu ziren. Bere jardun osorako Larramendi Bazkunak 475.783 e-ko gastua aurreikusi du (79.163.753 pta.), 2008. urtean. Horri guztiari buruzko berri zabalagoa hurrengo zenbaki batean emango dizuegu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!