Felix Azurmendirekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 12:14

1950 urtean Urretxun jaio zen Felix Azurmendi. 1976 urtean egin zen apaiz. Orduz geroztik, ibilbide oparoa egin du. Amasara itzuli da berriro.

32 urtetan historia luzea duzu. Kontaiguzu…
Felix Azurmendi. Urola bailarara joan nintzen aurrena. Nire lehenengo parrokia Matxinbenta izan zen. Gero Beizaman izan nintzen apaiz. Apaiz laguna eta biok, Urola bailarako gazteriaren arduradun izan ginen orduan. Handik Trintxerpeko parrokira izendatu ninduten, apaiz laguntzaile. Denbora gutxira, elizbarrutiko gazte pastoraltzaren arduradun izateko deitu ninduten. Trintxerpen bizitzen jarraitu banuen ere, elizbarruti mailako ardura hartu nuen, gaztediarena. Gazte pastoraltzan zazpi bat urte egin eta gero, etena egin nuen. Handik bueltan, Gizakia Helburu (Proyecto Hombre) ekimeneko zuzendari izan nintzen eta garai hartan, Amasako apaiz arduradun ere banintzen, bertan biziz. Zazpi urte eta gero, berriro beste urtebeteko etena egin nuen eta bueltan, pare bat urtez Itziarko parrokian aritu nintzen. Handik Karitasera igaro nintzen, gotzain ordezkari, hiru urtez. Garai berean, Alkizako parroko izan nintzen eta handik bikario nagusi, beste zazpi urte. Elizbarruti mailako arduraren bat izan dudan bakoitzean, parroki txikiren batean egon izan naiz beti. Orain, Amasako ardura dut berriz ere eta igandetan, Larraizko edo Aldabako apaizei laguntzen diet, zuloak betez.

Gizakia Helburu ekimenean paper garrantzitsua bete zenuen sorreratik…
F.A. Ekimenaren sortzailea Iñaki Aldabalde izan zen. Ni gazte pastoraltzaren arduradun nintzenez, hasieratik izan nintzen taldeko partaide. Ekimena hasi eta urtebetera hil egin zen Aldabalde eta niri eman zidaten bere lekua.

Zein helbururekin jarri zenuten martxan Gizakia Helburu?
Helburua jakina zen: drogaren arazoa handia zen garai hartan eta inork ez zekien zer egin. Orduan Erroman oso lan ona egiten ari ziren gai horri zegokionez. Gure gotzainak, Jose Maria Setienek, ezagutzen zuen proiektu hura eta hainbat kide hona ekarri zituen, egitasmoa aurkezteko. Emaitza onak ematen zituela ikusita, guk ere ekimena martxan jartzea erabaki genuen.

Gustura ekimenaren emaitzekin?
F.A. Oso gustura. Begira, duela gutxi ezkontza batean izan nintzen Zintruniegon. Garai hartan ez zegoen Gizakia Helburu ekimenik Nafarroan eta egunero Zintruniegotik Donostiara etortzen zen hango gazte bat. Egunero bidaia hori egitea asko zenez, gure artean geratu zen bizitzen. Orain ezkondu egin da eta han izan gara. Antzeko esperientzia asko dago: benetan ondo jarri den jendearena, beren bizitza erabat normalizatu dutenena… Ekimena sortu zenean, drogaren arazoak soluziorik ez zeukala uste zen. Baina irtenbidea baduela ikusi da. Lan ederra egin da eta egiten jarraitzen dute.

Afrikako hainbat herrialde laguntzeko egitasmoak martxan dituzue. Mali horietako bat…
F.A. Joxean Villabonako apaiza eta beste bost bikote, gai hori dela eta bildu egiten gara hilean behin. Hirugarren munduarekiko ardura etiko bat badugula uste dugun kristau talde bat gara; kristautasunetik ez ezik, giza alderditik begiratuta ere bai. Hirugarren munduan, orain ere egoera okerrenean Afrika dagoela iruditu zitzaigun eta gure proiektua hara bideratzea erabaki genuen. Jendeak askotan dirua iristen ote den egiten du zalantza eta dudarik gabe, iristen dela diot. Oso hurbileko segimendua egiten dugu, gure lana ez da limosna huts bat ematea. Egitasmo ezberdinak sortzen dira daukagun harremanetik. Gu taldetxo bat besterik ez gara baina, elizako jende asko ari da bereziki Afrikan lanean.

Nola deskribatuko zenuke hango egoera?
F.A. Han dagoenak eta hura bakarrik ezagutu duenak beste ikuspegi bat du. Han umeek hemen bezala barre eta jolas egiten dute. Zoriontsu dira. Ez dugu esango hemen gehiago daukagulako zoriontsuago garenik. Hori ez da egia. Agian hobeto bizi gara dauzkagun medioengatik. Han oso medio gutxi dute osasun mailan, heziketan eta jatekoan bereziki. Gurekin alderatuta, oso atzenduta daude. Munduko lekurik pobreenetakoa da. Lurretik bizi dira. Euria egiten duenean soilik izaten dute jatekoa.  Oso baldintza pobreetan bizi dira: ez dute urik edo surik etxean, ez errepiderik, ez medikurik… Sahara azpiko Afrika oso atzeratuta dago. Eritrea ere antzekoa da: oso-oso pobrea eta gerran daude, gainera.

Bikario nagusi ere bazara Villabonako Patxi Azpitarterekin batera…
F.A. Bikaritza bakarra da baina, bi bikario gaude. Bat Gipuzkoan zehar, eskualdeetan ibiltzen dena _hori ni naiz_, eta bestea gotzaindegian bertan egoten dena eta hango hainbat erakunderen arduradun dena _Patxi Azpitarte_. Biak gara berdin bikarioak baina, egiteko ezberdinak ditugu.

Zure kasuan zein eginbehar sortzen dizu ardura horrek?
F.A. Pastoralak koordinatu, parroki eta bailaretara joan eta jendearekin egon, orientabideak eman. Bikarioak, gotzainarekin batera, elizbarrutiaren martxa eraman behar du. Horrek maila ezberdinak ditu: planifikazioa, jendearekin harremana izatea, pertsonen, apaizen nahiz sekularren ardura, ekintzak mugitu eta sustatzea, gogoeta egitea… Gauza asko dira eta oso ezberdinak, zaila da laburtzea ere.

Amasako apaiza ere bazara berriro. Nola ikusi duzu herria?
F.A. Donostian bizi naiz. Igandetan Amasan ematen dut meza eta larunbatetan etortzen naiz horretarako. Ez dira horrenbeste urte pasa eta antzera ikusten dut Amasa. Etxera bezala etortzen naiz ni hona. Hori bai, lehen mezetan ikusten nuen adineko jende asko hil egin da, harreman handia izandako pertsona asko falta da. Igandetako eukaristian lehen ikusten ez nituen aurpegi berriak ere ikusten ditut eta poza ematen dit horrek. Plazako tabernarekin mugimendu pixka bat gehiago sumatzen da herrian.


Zein osasun du kristautasunak egun?
F.A. Aldaketa handi baten zurrunbiloan bizi gara eta ondorio asko du horrek gure giza-bizitzan, eta, dudarik gabe, gure kristau bizitzan. Aldaketa ez bakarrik elizan, baita familian ere. Bakarrik edo seme-alabarik gabe bizi direnak, famili tradizionalak baino gehiago direla esan du berriki egunkariak. Familia asko aldatzen ari da baina, era berean, baita heziketa, politika edo beste hamaika alderdi ere.
Aldaketa kulturala aspaldidanik dator, prozesu horretan gaude eta ez dakigu nolakoa izango den geroa. Eragin handia du horrek fedean, bizitza ikusteko moduan, bizitzaren zentzuan edo erlijio senean. Lehen gizarte kristau batean bizi ginela genion. Denok kristau ginen jaiotzatik. Orain ere bataiatuak gehienak izango dira baina, gauza ezberdina da bataiatuta egotea eta kristau izatea. Giro hura desagertu denean, jendeak ez badu  fede edo tradizio hura norbereganatu, utzi egiten du. Hori da ikusten ari garena. Nik oso prozesu normala dela jotzen dut baina, elizari krisia ekarri dio. Modu berri batean  kokatu behar da eliza gure gizartean, kultura berri baten aurrean. Prozesu historikoak oso luzeak eta sakonak izaten dira eta zaila da gizalditan era batera bizi izan bagara, beste era berri batean kokatzea. Aldi berean, oso garai ona dela uste dut: benetan kristau garenak, fedearen oinarrian eta bihotzean kokatzera behartzen baikaitu, ez adarretan. Erronka bat da.

Zein iritzi duzu kristau sentitu ez eta aurrez kristau bidea jarraituko ez duela dakien bikotea elizaz ezkontzeaz?
F.A. Batzuk estu hartuko dituzte. Eta bai, badago kontraesana, baina ni, begirada zabalarekin ikusten saiatzen naiz. Nahiz eta igandero elizara joan ez, horrengatik esan al daiteke “ez dut federik”? Ni ez nintzateke hori esatera ausartuko. Adituek, aldaketa kultural horretan fedea ez dela desagertzen esaten dute. Alderantziz, izpiritualtasunaren egarri handia dagoela. Semea edo alaba bataiatzea erabakitzen duenak zerbaitetan sinesten du, hoberena nahi du bere haurrarentzat. Beste askok, nahiz eta kristau elkartearekin harreman esturik ez izan, seme-alabak dotrinara eramaten dituzte. Kalterik egingo ez dietela pentsatzen dute… Nire epaiketan ez naiz oso gogorra.
Denak postmodernitatean nahastuta bizi garela uste dut. Zer nahi dugun argitu beharko dugu.Garai honetan, oso zaila ikusten dut koherente izatea. Koprentsioa behar da.
Parroki bezala, harrera on handia eduki behar dugula uste dut. Ondo hartu behar dugu jendea. Guk berri ona eman behar dugu, inor estutu gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!