Mendizaleak hamalau orduei begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 9a, 12:12

1218 mendizalek eman zuen izena Amasa-Villabonako Aizkardi mendi elkarteak antolatutako 40. ibilaldian. Horietatik 1044k hartu zuen parte.

Aizkardiko antolatzaileek jakinarazi dutenez, “lehenengo ibilaldi neurtua izaten da Amasa-Villabonakoa eta jende asko gerturatzen da”. Euskal Herriko lurralde guztietako parte hartzaileak etorri ziren. Gipuzkoakoak nagusiki: 825. Bizkaitik 135 mendizale etorri zen, Arabatik 59, Nafarroatik 19 eta Iparraldetik 6. Iaz bezala, bi aukera eskaini zituzten Aizkardiko kideek: ibilaldi luzea eta motza. 653 mendizalek luzearen aldeko apustua egin zuten, 391k motzarena. Ibilaldi luzeak 43 kilometroko luzera zuen eta 2500 metroko desnibela. Goizeko 07:00etan abiatu ziren, oraindik eguna argitzeko zegoela,  535 gizon eta 118 emakume. Ibilaldia bukatzeko, hamar orduko luzera aurreikusten zuten antolatzaileek. Lehenengo iritsi zirenak, ordea, sei orduren azpitik egin zuten. Gehiengoak bederatzi eta hamar orduren artean egin zuen bidea. Ibilaldi motzak, berriz, 23,5 kilometroko luzera eta 1050 metroko desnibela zuen. Goizeko 08:00etan ekin zioten bideari 245 gizonek eta 146 emakumek. Antolatzaileek, bidea egiteko 5 ordu eta erdi beharko zituztela neurtu zuten. Lehenak hiru orduren azpitik iritsi ziren. Bost eta sei orduren artean gainerako gehienak. 135 mendizale erretiratu zen ibilaldi luzean, 17 motzean.

Antolatzaileak gustura
Eguraldiak batere lagundu ez bazuen ere, antolatzaileak gustura agertu ziren biharamunean, “eguraldi txarra eguerdirako iragarri zuten arren, lehenago etorri zen euria. Parte hartzaileak hezurretaraino bustita, baina pozik iritsi ziren eta gu ere oso kontentu geratu gara”, azaldu zuen Jone Iguaranek. Antolakuntzarekin ere ez zuten  arazorik izan, “batzuetan bidea ondo markatu ez delako-edo, kexuak izaten dira. Aurtengo edizioan ez da horrelakorik izan”. Berrikuntzak erabili zituzten ibilbidea markatzerakoan, “mendizaleek lehen zatia oraindik ilunpetan egin behar zutenez, mekanismo berriak jarri genituen martxan: arrantzan erabiltzen dituzten gailu erreflektanteak. Ilun-bistan argi handia egiten dute eta modu horretan, inolako arazorik gabe aurki zitekeen bidea”.


14 orduak eta Hiru Handiak ibilbide ezagunak aurten egokitu izanak, jende gehiago erakarri zuen Aizkardikora, “froga horiek abiapuntu hartuta, pentsatzen genuen jende asko etorriko zela. Baina orain artean inoiz ez ginen 1000 parte hartzailera iritsi, kopuruak gora egin du nabarmen”. Arrazoia ez dakite oso ziur, “izan daiteke antzeko probak oso modan jarri direlako, izan daiteke konpetibitateagatik. Ez dakigu”. Mendi ibilaldia entrenamendu moduan hartzen dute batzuk eta oinez egin beharrean, korrika ibiltzen dira, “guri dagoeneko berdin zaigu. Lehen ez zitzaigun gehiegi gustatzen hori baina, horren aurka ezer egin ezin dezakegula konturatu gara. Jendeari ezin zaio korrika joan ezin daitekeela esan. Gehienak entrenatzera joaten dira. Hala ere, azkar ibiltzen den jendeak lehenengoak zenbat denboran egin duen jakiteko ikusmina izaten du. Batzuen erronka pertsonala izango da agian, baina horrek, ez du oihartzun handirik izaten. Gure aldetik, lehenengo iristen denari ez zaio ezer berezirik ematen. Lehenak eta azkenak diploma bera jasotzen du”, argitu zuten Jonek eta Gemma Berasaluzek.

 

Parte hartzaileekin solasean
Ainhoa Mendia eta Olatz Ugartemendia villabonatarrek behin baino gehiagotan hartu dute parte Aizkardik antolatutako mendi ibilaldian. Aurtengoan ez dute hutsik egin.
“Bospasei aldiz atera naiz Aizkardiko mendi martxan. Azkenekoz, duela zortzi bat urte. Beti luzean, lehen ez baitzen ibilaldi laburrik egiten. Aurten motzean hartu dut parte eta oso gustura ibili naiz”, azaldu du Ainhoa Mendiak. Olatz Ugartemendiak ere duela sei urte hartu zuen parte azkenekoz, “nik ere bospasei ibilaldi egin nituen jarraian. Aurten, ibilaldi luzean hartu dut parte; 14 orduak prestatzen ari naizenez, entrenamendu gisa”. Ibilaldia oso polita iruditu zitzaion Ainhoari, “asko gustatu zitzaidan. Gezurra dirudi baina, gaztetxotatik ez nintzen Kanaletara joan. Oso inguru polita da, xarma berezia du. Ilusioa egin zidan handik pasatzeak, txikitako oroitzapenak ekarri baitzizkidan gogora. Eguraldi onarekin berriro joateko gogoa piztu zitzaidan”.

Izan ere, eguraldi txarra izan zen ibilaldi eguneko traba nagusia, “giroak ez zuen batere lagundu. Iragarritakoa baina dezente lehenago hasi zuen euria eta pena izan zen”, azaldu dute. Ibilaldi motzeko partaideak Urdelarrera igo ziren, besteak beste. “Behin hasierako aldapa igota, ibilaldia ez zen gogorra. Eramangarria eta polita”. Olatzi ere gustatu zitzaion ibilbidea baina, paisaiaz gozatzeko aukera gutxiago izan zuten, “Ipuliñora igotakoan, jada ez zen ezer ikusten: lainoa barruraino sartu zen. Jaitsierak oso aldapatsuak ziren eta lokatzak ez zuen batere lagundu. Gainera horrenbeste jende igarota, oso irristakorra zegoen bidea. Berrobiko jaitsiera izan zen gogorrena. Jende dezente erretiratu egin zen han”.


Antolakuntzarekin harrituta geratu zirela aipatu dute, “lehen ere oso ona izaten zen antolakuntza baina oraingoan, izugarrizko maila ona sumatu nuen. Profesionaltasun handia. Zoriondu egin nahi ditut Aizkardiko kideak”, azaldu du Ainhoak. “Ezeren truke eginiko lana da. Goizean goizetik hasita, oso lan txukuna egiten dute”, gaineratu Olatzek. Ibilaldian parte hartzen duten mendizaleen artean, mendiko materiala zozketatzen da arratsaldean, “giro polita sortu zen zozketaren garaian ere. Sari asko zozketatzen dute eta oso ondo antolatu zuten tarte hori ere. Hori guztia, Aizkardikoa,  izena ematerakoan ordaindu behar ez den martxa bakarrenetakoa dela kontuan hartuta”.

 

Iraupen luzeko ibilaldiak

Udazkena bitarte, ia astebururo mendi ibilaldiren bat izango da Euskal Herriko txokoren batean. Hara hemen egutegia:

•    Zarauzko ibilaldia
    Pagoeta M. E. 
    Apirilak 13
•    Balmaseda XII mendi martxa
    Balmaseda M. T.
    Apirilak 20
•    XX. Sakanako ibilaldi handia
    Iratxo M. T.
    Apirilak 26
•    Andoaingo ibilaldia
    Euskalduna M. T.
    Apirilak 27
•    Durangaldeko iraupen luzeko
    V. ibilaldia
    Alpino Tabira M. T.
    Maiatzak 10
•    Ernioko mendi martxa
    Erniozaleak
    Maiatzak 11
•    XVII Kantabria mendizerrako
trabesia
    Palomares eta Basati M.E.
    Maiatzak 17
•    III. Galdakao mugarriz mugarri
    Ganguren M.T.
    Maiatzak 17
•    14 orduak
    Aralarko adiskideak
    Maiatzak 18
•    Karrantza mendi martxa
    Karrantza M. T.
    Maiatzak 24
•    Fondoko XXVII. Martxa
    Gasteiz M.E.
    Maiatzak 25
•    XIV. Bi handiak
    Miru Gain M. E.
    Maiatzak 31
•    68. Fortuna ibilaldia
    Fortun K. E.
    Ekainak 1
•    Sarako itzulia (Axuria)
    Ekainak 1
•    Tomas Salazar IV. Aizkorriko bira
    Aizkorri M. E.
    Ekainak 8
•    VIII. Zuiako bira
    Atzabal
    Uztailak 5
•    Makea oinez
    Makea
    Urriak 10

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!