"Atari bizi" lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 7a, 18:48

Villabonako Udalak Atari bizi lehiaketa jarri du abian, atari eta balkoiak lorez eta landarez edertzeko lehiaketa.

 

Zibilizazio eta kultura ezberdinetan beti izan da natura eta landarediarekiko hurbiltasun eta errespetua. Garai eta toki ezberdinak izanagatik ere, denek ulertu izan dute natura beraien bizitoki gisa eta landaredia beraien babes eta miresmen ikur. Gure kulturak ere gizakia naturaren parte dela oso ondo ulertu izan du eta kondaira zein gertaera garrantzitsuenetan present egon da; gure arbasoentzat beti izan da ingurune edo landare esangurantsuren bat, Ekain edo Sarako lezeetatik abiatu eta haritz, pago edo arte esanguratsuetaraino.

Egun gizakia naturatik at eta beronen gainetik sentitzen den garai hauetan, umiltasuna ezinbestekotzat jotzen du Villabonako Udalak; eta naturarenganako hurbiltze ariketak bultzatu nahi ditu. Arrazoi honengatik etxe eta dendetako balkoi eta aurrealdeak landarez biziberritzera gonbidatzen ditu "Atari bizi" lehiaketa herrikoiaren bidez.

Atari bizi

Villabonako Udalak bertako biztanle guztiak "Atari bizi" lehiaketan parte hartzera gonbidatzen ditu. Lehiaketa honen helburua, biztanle guztiok etxeko atari zein balkoi, lore, zuhaixka, igokari eta beste motako landarez janztea da; ondorioz, interesgarri eta originalena sarituko da 2008ko Santio jaietan. Apaintzeko orduan ez da inongo mugarik ezarriko, norberaren imajinazioa soilik. Uztailerako beren oparo aldian egon beharko dute, epaimahaiak herriko atari eta balkoi interesgarrienak aztertu eta baloratu ahal izateko.

Helburuak

-Landareekiko errespetuzko jarrerak berpiztea.

-Herriari nortasuna eman diezaiokeen elementu komuna izanik, bere potentzialitateak aztertzea eta amasar eta villabonatarrengan harrotasun puntu bat sortaraztea.

-Jendearengan bere etxearen itxuraz eta osasunaz ardura piztea.

Sariak

Udaberri osoan zehar beraien ataria edo balkoia hobekien zaindu eta goxatu dutenak beraien esfortzu eta egunerokotasunagatik sarituak izango dira Villabonako jaietan. Sarian ondorengoak izango dira:

1. saria: Bi lagunentzako nekazal etxe batean gau eder bat eta 100 euroko bale bat eskualdeko loradenda batean erosi ahal izateko.

2. saria: 100 euroko bale bat, eskualdeko loradenda batean erosi ahal izateko.

3. saria: 85 euroko bale bat, eskualdeko loradenda batean erosi ahal izateko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!