Lourdes Iriondori omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 6a, 23:19

Bere urtemuga igaro berri den honetan, Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatu eta Udaleko Kultura Sailak diruz lagunduta, Lourdes Iriondoren omenaldia izan zen ostiralean Saroben.

Berak egindako lan izugarriak belaunaldiz belaunaldiko transmisioa ez eteteko asmoarekin antolatutako ekitaldian abeslari gazteek hartu zuten protagonismoa. Sarobe bete zuten zaleak gustura atera ziren ikusi eta entzundakoarekin.

Azken urte hauetan Euskal Herriko Kantu Txapelketan parte hartu duten kantari gazteak izan ziren Lurdes Iriondoren kantuak abestu zituztenak. Kantuzale Elkarteko Ainhoa Ansa izan zuen aurkezle jaialdiak. Gitarra (Ainhoa Ansa, Xabier Ubillos), txistua (Antton Jauregi), biolina (Andrzej Styrczula), akordeoia (Fermin Zinkunegi), trikitia eta pianoa laguntzaile zituztela, eskenatokitik, banan-bana pasa ziren, Zestoako Jagoba Astiazaran, Oiartzungo Irati Odriozola eta Oinutsik taldea, Berastegiko Iñaki Barriola eta Maialen Masa, Azkoitiko Jone Arruabarrena, Tolosako Garazi Egiguren, Zarautzeko Mattin eta Ioritz Aizbitarte, Aresoko Jaione Olazabal, Aranoko Maider Ansa, eta txalo gehien jaso zuten Olga Outeiral eta Maddalen Pradera urnietarrak. Egape Ikastolako bi haur taldek Lurdesek idatzitako ipuin musikatuak abestu zituzten.

"Hitzak" abestiarekin eman zitzaion hasiera jaialdiari, eta ondoren etorri ziren, "Hala ere", "Tirikitrauki tauki", "Errota zahar maitea", "Bolon-bolon" haur kanta...Eta horrela ikus-entzuleen eta partehartzaile guztien inplikazioarekin abestutako "Gazte gera gazte" kantuarekin eta ondorengo txalo zaparrada handi batekin jaialdia amaitutzat eman zen arte.

Kantari bakoitza, arrosa gorri bat eskuan zuela taularatu zen eta horretarako prestatutako mahai batean uzten joan zen. Amaieran, hamahiru lore horiekin osatutako sorta Lurdesen familiartekoei oparitu zioten. Ostiralean bizi izan genuen ordubete gozoa, gure  burmuinetan, oroitzapen onen artean gorderik geratuko da, Lurdes ez baita desagertu, bakarrik joan egin da...    

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!