Kantari berriek Lurdes Iriondo omenduko dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 4a, 13:38

Lurdes Iriondo omenduko dute gaur, 20:00etik aurrera Saroben. Kantari belaunaldi berri batek Urnietakoak ezagun egindako hainbat abesti ahotan hartuko dituzte. Sarrera doan.

Omenaldiak ezin zuen aproposagoa izan. Kantua, ipuinak eta antzerkia nahastuko dituen ekitaldia prestatu du Euskal Kantuzaleen Elkarteak, Udalaren laguntzaz. Iriondok egindako lan hori guztia isilpean geratu izanaren arantza kendu eta berak utzitako kultur ondarearen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa ez eteteko antolatu da.

Hain zuzen ere, ekitaldiko protagonista abeslari belaunaldi berria izango da. Lurdesek ezagun egin zituen hainbat abesti, ahots gazte hauen ahotan jarri nahi dituzte antolatzaileek. Eta bide batez, kantari berri hauei aurrera begira jorra dezaketen ibilbidea zabaldu eta sendotu.

Taula gainera igoko direnen artean, herriko musika talde bat dago. Haiekin batera izango dira bi nafar, gainerakoak gipuzkoarrak: Jagoba Astiazaran (Zestoa), Irati Odriozola (Oiartzun), Iñaki Barriola eta Maialen Masa (Berastegi), Jone Arruabarrena (Azkoitia), Garazi Egiguren (Tolosa), Ioritz eta Mattin Aizpitarte (Zarautz), Jaione Olazabal (Areso), Maider Ansa (Arano), Oinutsik taldea (Oiartzun). Denak esan bezala, musikagintzako aurpegi berriak, etorkizuneko belaunaldiko kide dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!