Oñatz Gonzalez Usarralde, pilotari ohia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 2a, 18:40

Afizionatu mailan diren txapelik sonatuenak burura eramandakoa. Andoaingo harrobiak urtetan eman duen pilotaririk diztiratsuena. Trofeoak emateaz gain, pilotak gizatasunean hazten lagundu dio, eta orain 22 urterekin, heldutasunez hartu du pilota uzteko erabakia.

Zer dela eta esku pilota uzteko erabakia?
Oñatz Gonzalez.
Bi arrazoi daude: irakasle lanetan hasi naizenetik lehen bezala entrenatzeko aukerarik ez edukitzea eta esku pilotarako motibazioa jaistea.
Oso gustura nabil irakaskuntzan baina denbora kentzen zidan fundamentuz entrenamenduetako disziplina jarraitu ahal izateko, lehen egiten nuen eran. Denbora berean, ohartua nengoen jada oso aukera eskasak neuzkala profesionaletarako saltoa egiteko.

Unerik gozoenean-edo zeundenean, utzi egin behar.
O.G.
Egia esango dizut. Jende ezagun asko etorri zait egunotan, pasa udan oso maila ona eman nuela-eta harrituta hartu dudan erabakiarekin. Baina nik argi neukan tajuz entrenatu gabe ez nintzela lehiatzera plazaratuko. Sentitzen nuen oraintxe zela uzteko unea. Pena ematen dizu asko-asko sakrifikatu naizelako. Baina poz galantarekin ere uzten dut kirol hori, hamabi urtez gehien asetu nauen gauza egin dudalako, lagun asko egin dudalako, eta gainera, fama handiko txapelketak irabazteko zoria eduki dudalako.

Zergatik enpresek ez dute kontuan hartzen, zu bezalako palmaresa?
O.G. Gaur
egun, oso-oso maila handia dago afizionatuetan, eta lehia izugarria da. Telebistak esku-pilotaren gorakada ekarri du, eta herrietan gero eta eskola eta gazte gehiago ari da jokatzen… Oso garesti jarri da enpresen begiko izatea.     
 
Beraz, txiki-txikitako ametsari uko egin behar izan diozu?
O.G.
9 urte nituela lagun batek Arrate frontoira eraman ninduen, pilota probatzekotan. Txoratuta geratu nintzen eta harrezkero, gainerako kirolak baztertu eta eskuzko pilotari heldu nion buru belarri. Kontsejupean orduak eta orduak sartuta nago; Kontsejupera eskolatik atera orduko edo errekreo garaian; lagunekin izan bakarrik izan. Piskanaka, jolasa zena lehiaketen dinamika bihurtu zen, piskana hobetuz eta emaitza hobeak lortzen… Bide horretan, ez dut ukatuko profesional izateko ametsak ere izan ez ditudanik. Andoaingo lehen esku-pilotari profesionala izatearekin ere amestu izan nuen!   
 
Jaso duzun eskarmentuarekin, zer gomendatuko zenieke pilotari gaztetxoei?
O.G.
Ez dakit pertsona egokiena naizenik, baina esan diezaieket oso polita dela amets horiek edukitzea, eta ze arraio! eduki egin behar dira. Nahiz eta gero, frustrazioa hartu... Disfruta dezatela batez ere.

Erremontean ari zara orain...
O.G.
Bai, orain gutxiko kontua da. Lagun batek ¨hik daukaken gorputzarekin, erremontea probatu behar dek¨, komentario horixe egin zidan. Galarretara joan, zesta hartu, probatu eta… gustatu! Oso ezberdina da jokoa, baina oraingoz ilusioa piztu eta gozatzen ari naiz.    

Urte horietan lagun izan dizutenak gogoan hartu nahi, une hunkigarri honetan?
O.G.
Gurasoei eman nahi nizkieke eskerrak, bereziki. Edozertarako ondoan eduki izan baititut txikitandik. Eta ondoren, aipatu nahi nituzke animoak emateko beti gertu izan ditudan adiskide eta jarraitzaileak, amonarengandik hasita.

 

ANALISIA:
ANDONI ALVAREZ
Andoaingo pilota eskol
a

Oñatz pilotan Andoainen hasi zen, baina pilotari bezala Andoaindik kanpo hazi da. Garai hartan, pilota eskola sortu berria genuen eta Oñatzen mailako pilotari bat mantentzeko azpiegiturarik ez genuen, zorionez gaur azpiegitura hori badugu. Oñatz umetatik nabarmendu zen, pilotan oso egoki egiten zuen baina batez ere hiru dohai zituen: sakea, gogoa eta lehiakortasuna. Amezketan behin pilotari profesional izandako batek, Oñatzek zuen sakea bezain ona, profesionaletan hiruk baino ez zutela, esan zidan. Oñatzek beti izan du sakea ateratzeko dohai berezi bat. Azken urteetako sakatzailerik onena izan da, profesionalak eta afizionatuak kontuan hartuta. Eta sakearekin batera lehiakortasuna izan da bere armarik onena. Lehiakortasun horrek eraman du horrenbeste txapela irabaztera, eta azken mende laurdeneko, (historiako esatera ez bainaiz ausartzen) Andoaingo eskuzko pilotaririk hoberena izatera. Orain eskuz jokatzen ez jarraitzea erabaki du, eta herriak bere falta somatuko du, batez ere herriartekoan.

Ohore bat izan duk, herriko taldean hire jokoarekin gozatu ahal izatea! Zorte on erremontean Oñatz!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!