“Lehiak arrantza, Leitzaran eta Andoain susta ditzake”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 2a, 18:29

Arrantzarako tradizio izugarria duen familian jaio zen Joseba Barandiaran, eta jakina, arrantzarako arra piztua zeukan, ia erremediorik gabe, jada bospasei urte betetzerako. Ontza Elkarteko arrantza saileko delegatua dugu une honetan, eta Nazioarteko Lehen Masterraren antolaketan ibilia da buru belarri. Oso baikor azaldu zaigu lehiaketa nola joan den ikusita.

Egiguzu Masterraren balorazioa.
Joseba Barandiaran.
Ontzarentzat erronka handia zen, eta ondo atera zaigu. Erakunde publikoen laguntzaz gain, master bat ondo ateratzeko beharrezkoa izaten da talde antolatzaileak antolaketa gaitasuna, azpiegitura eta ospea edukitzea, eta alde horretatik, iruditzen zait pozik egoteko moduko neurria eman dugula. Primerako giroa izan da bai errekan txapelketa jokatu den bitartean, eta baita elkarrekin bazkaritan-eta bildu garenean ere. Pena eman digun gauza bakarra munduko onenak ezin ekarri izana izan da, nahiz eta hori izan gure hasierako asmoa.

Zergatik ezin izan dira ekarri?
J.B.
Hasieran, otsailerako jarri genuen data. Munduko txapelketa martxoan Zelanda Berrian  zen jokatzekoa, eta pentsatzen genuen masterra aurrez jarrita nazioarteko askok nekez egingo ziotela uko gure gonbidapenari; prestaketa gisa hartuko zutela hemengo lehiaketa, alegia. Baina gero Udalak eguna atzeratzea eskatu zigun; Otitako Interpretazio Gunea eta Arrantza Eskola martxoan inauguratzeko asmoa zegoela eta, dena batera egitea nahi zuen. Azkenean, administrazio tramiteek ekitaldi ofizial hori atzeratu egin badute ere, guk martxoari eutsi behar izan diogu. Estatuko Federazioak aurten ez du selekziorik osatu ahal izan, eta horri esker arrantzale onentxoenak bertaratu ahal izan zaizkigu behintzat.

Hurrengo urteetan jarraitzeko asmotan zabiltzate, beraz?
J.B.
Bai, eta nahi genuke munduko txapelketaren aurretik izatea. Leitzaran punta puntako erreka da arrantzaleentzat eta gisa honetako masterrak antola ahal izateko, ingurugiroa ere primerakoa daukagu. Aldi berean, lehia honek arrantzaren kirola, Leitzarango bailara zein Andoaingo herria turistikoki susta ditzake ezin hobeki. Udalak ere horixe nahi duela dirudi eta antolaketa finantziatzeko asmoa agertzen badu, gu prest aurrera segitzeko!

Arrantza Eskola aipatu duzu. Zu, ordea, etxean ikasitakoa zara. Eskolaren beharra ikusten duzu gazteengan zaletasuna pizteko?
J.B.
Badira oraindik arrantzan ibiltzen diren gurasoek transmititutakoarekin atera diren gazte arrantzaleak. Baina jaisten doa afizioa azken urtetan. Gero eta lehia handiagoa dauka arrantzak beste kirolekin. Futbolean hasteko adibidez, ez da asko behar, baloi baten atzetik ibiltzea… Arrantzak, ordea, teknika eskatzen du, eta haur batek ez badu uretik ezer ateratzen, aspertu eta agudo utziko du kainabera. Iruditzen zaigu eskolak asko lagunduko duela zaletasuna zabaltzen. Errekaren zati bat egokituko da, amorrainak askatuko dira eta behar den materiala eskura jarriko da. Ikastetxeetako haurrak handik pasako dira; Interpretazio Zentruak Leitzarango ekosistema ezagutzen lagunduko die eta arrantza eskolak arrantzagintzan murgiltzen. Poztekoa litzateke prozesu horretatik pasa direnetatik portzentai txiki batek arrantzarako gogoa erakustea.

Ondo azpimarratu nahi duzuena, heriotzarik gabeko arrantzaren ideia da?
J.B.
Garbi daukagu: harrapatzen dena berriro putzura bota. Arrantza kirola izan behar du gizakiak elikadura lortzeko praktika baino, eta horren kontzientzia hartu behar du arrantzaleak. Egia da adin jakin batetik aurrerako arrantzaleari kostatzen zaiola ideia hori barneratzea, baina gazteekin ez dago arazorik alde horretatik.

Asko kexatzen zarete Leitzaranen gero eta amorrain autoktono gutxiago dabilela esanez
J.B.
Azken urtetan jaitsi da nabarmen. Faktoreen artean bi aipatuko nituzke batez ere. Batetik, amorrainen ekosistema aldatzen duten zentral hidroelektrikoen ustiapena; uraren tenperatura igotzen dute, eta jaitsiera eta igoera handiak eragiten dituzte amorrainen elikadura diren intsektuak hil araziz. Bestalde, ugaritzen ari da ubarroi mottodun izeneko hegaztia; amorrain harrapakari bizkorra da benetan. Panorama horren aurrean, etorkizuna arrainak askatzean datza.

Arrantza sustatzeko zein ekimen daukazue oraintxe eskuartean?
J.B.
Orain dela hiru urte Santa Kutzetan txapelketa moduko jardunaldia antolatzen hasi ginen 4 eta 10 urte bitartekoentzat, eta aurtengoa ere prestatzea tokatzen zaigu. Ia 50 gazte hurbiltzen dira, eta oso ekimen polita dela iruditzen zaigu. Haurra ibaira ekarri, arrantzan egin dezan erreztasunak jarri eta motibatzea da gure asmoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!