Andoaingo Urki dantza taldearen urteurrena asteburuan ospatuko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 1a, 13:24

Urki ospakizunetan dabilen denbora berean jakin izan dugu Angelatxo Barriola eta Juantxo Agirre Andoaingo bi dantzari zahar joan zaizkigula gure ondotik.

XX. URTEURRENEKO OSPAKIZUNAK
  • Aste osoan zehar argazki eta jantzi erakusketa. Bastero.
  • Apirilak 4, ostirala. Hitzaldia, Bastero ekitaldi aretoa: Iñaki Arregi eta Juan Antonio Urbeltz. 19:30.
  • Apirilak 5, larunbata. Urkiko haurren emanaldia, Goikoplaza. 11:30. Helduen emanaldia. 20:00.
  • Apirilak 6, igandea. Meza Nagusia. 11:00. Ondoren dantza saioa, erromeria.

Dantzari gisa, bi pertsona horien ibilbidea ikusita ondotxo ohartzen gara euskal folkloreak nolako sustraiak izan dituen beti Andoainen. Euskal esaera zaharra ekartzen digute gogora, ezinbestean, berorien eta Urkiren izateak: haiek izan direlako dira orain Urkikoak, Urkikoak direlako izango dira gerora besteak.

Angelatxo Barriola Etxeberria martxoaren 9an hil zen (1925-2008). Herrian tradizio abertzale nabarmenea zuen familiako kide zen. Kale Txiki auzoan jaio eta bizitu zen hil zen arte. Errepublika garaian, Batzokiko poxpolinetan egin zuen dantza, herriko beste hainbat haur eta gazteren antzera. Makina bat ekitaldietan parte hartu zuen Gipuzkoan zehar (1933ko Aberri Egunean, Atotxako zelaian...). Gerra heldu zenean barriolatarrak denak Errepublikaren alde murgildu ziren buru belarri. Hori zela eta, gogor ordaindu behar izan zuten (kartzela, isunak, erbestea…).
 
Juantxo Agirre Zugasti
Pasa den martxoaren 20an hil zen (1924-2008). Angelatxo bezala, Batzokiko dantzari txikiekin hasi zen. Gerra ostean ere zaletasun horri eutsi zion, Acción Católica-ko Luistarren kongregazioaren baitan sortu zen taldean. 1966 urtean, La Salleko ikasle dantzarien taldea sortu zuen, Joseba bere anaiarekin eta Inazio Aizpurua txistulariarekin batera.
Ordukoak gogoratuz La Salle Berrozpe (1945-1995). 50 urte bizirik… herriaren zerbitzuan liburuan adierazi izan zuenez, ¨Lehendik ere baganeukan eskarmenturik, Luistarrekin jardun genuenean. Handik bizipen mikatza gordetzen genuen, ezin izan genuelako entsaioen dinamika jarraiturik eraman… Ez genuen nahi egoera etsigarri bera gerta zedin, eta aurretik Anai Sebastianekin erabakia hartu genuen: ikastetxeak dantza ikasgai modura hartuko zuen, entsaioetako jarraipena, hitsegiteen justifikapena… kontutan izango zirelarik. Diziplina txiki horri esker, ezpatadantzari bikainak tankeratu ahal izan ziren¨.
Eugenio Usarralde, Juan Bautista Aldaz, Xabier Agirre, Jose Manuel Langara, Jesus Arakama, Beraza, Urrutia… eta beste hainbat gazte izan ziren Juantxoren agindutara jarrita euskal dantzekin gozatu zutenak denbora askoan. Ezin ahaztu ere, Juantxoren ezagutzaz baliatu zirela Lizar Makileko dantza taldeko sortzaileak, 1970ean talde hori osatze aldera. Jendarteko gizona zenez, kultura eta gizarte arloko beste hainbat ekitaldietan ere parte hartu zuen bere bizitzan zehar; besteak beste, La Salleko ikasle ohiekin antzerkia egin zuen eta Santa Kutzetan eskopeteroen alardean aritu zen urtetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!